ALBISTEAK

Imanol Pradales lehendakariak Oñatiko Ulma Packaging enpresa bisitatu du

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko martxoaren 23a

Imanol Pradales lehendakariak eta Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta jasangarritasuneko sailburuak Ulmako ordezkarien gidaritzapean egin dute Ulma Packagingen bisita. Planta horretan dauden zenbait makinaren jarduna zein den ikusi dute, baita zer-nolako enbalajeak egiten dituzten probatu ere. Gainera, Ulma Packagingek maiatzean Alemaniako makinen azokara eramango duen makina berritzailea ere ezagutu dute.

Bisitan zehar Ulmaren eredu kooperatiboaren garrantzia nabarmendu du Imanol Pradales lehendakariak. Azpimarratu du, Ulmak gaur egun, 6.000 langile dituela, 1.250 milioi baino gehiago fakturatu dituela 2025ean, 80 herrialdetan duela presentzia eta salmenten %70a kanpoko merkatuan egiten dutela.

Mahai gainean jarri du nazioartean ziurgabetasun handia dagoela indarrean dauden gerrengatik edota krisiengatik, eta azpimarratu du testuingurua oso ezengonkorra dela, bereziki, industria-esportazio ekonomiarendako. Kooperatibaren hastapenak izan ditu gogoan hitzartzean eta egungo garaiekin parekotasunak daudela azaldu du. Europan berrasmatzera behartuta daudela dio. Lehendakariak gaineratu du Euskadik Europaren berrindustrializazioan aitzindari diren lurraldeetako bat izateko gaitasunak, baldintzak eta anbizioa dituela, eta, aldi berean, lehiakortasuna hobetzen eta garapen-aukera berriak sortzen laguntzen duela: "Bizi dugun une historiko honetan beraz, momentu zailetan erakutsi dugun ausardiaz aritzea tokatzen zaigu, beste askotan egin dugun bezala, berrasmatu beharra daukagu Oñatitik eta Euskaditik gure ekarpena eginez. Gure puntako tradizio industriala Europako berpizkundearen zerbitzura jarriz, uste dut aukera onak dauzkagula horretarako, beraz, aukera horiek baliatu ditzazkegu gure iragana eredua delako, baina geroa lantzeko". 

Horren adibide gisa jarri du Ulma gisako enpresek Europa mailako proiektu estrategikoetan izan dezaketen zeregina, edota teknika eta material berrien bidez etxebizitzak eraikitzea eta birgaitzea sustatzeko Europako Inbertsio Bankuaren plana. Euskadin bertan egindako ezagutza eta esperientziak funtzeskoak direla aurreratu du etorkizuneko erronkei aurre egiteko: "Ulmari onena opa diot bere hurrengo plan estrategiko horretan, eta espero dut gaur goizean ikusi ditugun helburuak betetzea; ze Ulmarentzat onak izango dira, Oñatirentzat oso onak izango dira, eta Euskadirentzat, orokorrean ere, zoragarriak izango dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak