Lehendik ere existitzen zen bidea egokitu eta berreskuratu du Kukubaso elkarteak, orain arte bananduta zeuden eremuak elkarlotuz. Helburua ez da soilik ibilbide alternatibo bat eskaintzea, baizik eta inguruko natura eta ingurunea balioan jartzea. Ildo horretan, azken xedea argia da: jendeak errepidea alde batera utzi eta basotik ibiltzea nahi da, inguruko paisaia eta ekosistemak ezagutuz eta gozatuz. Ainhoa Agirrebeña-k azaldu duenez, “ezagutzen duguna, maitatzen dugu”, eta horregatik uste dute ezinbestekoa dela naturarekiko lotura hori sustatzea.
Istinga eta biodibertsitatea
Bidezidorrarekin batera, beste ekimen batzuk ere jarri ditu martxan elkarteak. Horien artean dago istingaren sorrera. Bergarako hizkeran urmaelari deitzeko erabiltzen den hitza da istinga, eta proiektua joan den udan abiatu zuten, ekainean, udal langileen laguntzarekin. Lurra kendu eta zuloa egin ostean, euri-urarekin modu naturalean bete da, eta ordutik lehen espezieak agertzen hasi dira. Iker Ibarra-k azaldu duenez, “oso esker oneko inguruneak” dira halakoak, eta hilabete gutxitan bizitza kolonizatzen hasi dela nabarmendu du.
Istingaren inguruan ere lanak egiten jarraitu dute. Otsailean lehen landaketa egin zuten auzolanean, eta etorkizunean bertako basoa garatzea da helburua. Horrez gain, urmaelaren eta bertako biodibertsitatearen inguruko informazioa emango duen kartel didaktikoa jartzea aurreikusten dute, bisitariek ingurunea hobeto ulertu eta baloratu dezaten. Aurrera begira, elkarteak udal lurrean tlandaketekin jarraitzeko asmoa du, eta inguruko beste lursail batzuk ere eskuragarri izatea –lagapenean zein jabetzan– aberasgarria litzatekeela uste dute. Horrela, naturaren zaintza eta herritarren parte-hartzea uztartzen dituen proiektuari jarraipena eman nahi diote.