ALBISTEAK

Ikerleku aukera "bideragarriena" dela berretsi du Bergarako Udal Gobernuak

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko martxoaren 13a

Novedadeseko etxebizitza berrietarako garajeetarako sarbidearen inguruko eztabaidak mahai gainean jarraitzen dute Bergaran. Testuinguru horretan, Udal Gobernuak bizilagunekin proiektua lantzeko parte-hartze prozesua jarri du martxan.

Bergarako Udal Gobernuak Ikerleku, Novedadeseko etxebizitza berrietarako garajeetara sartzeko aukerarik "bideragarriena" dela berretsi du. Azaldu dutenez, 2019an udal teknikariek egindako hainbat aukeren azterketak ondorio hori jaso zuen, eta orain Zarautzeko Projecta Urbes enpresak egindako txostenek ere baieztatu dute, "aukerarik egokiena" hori dela. Udal Gobernuaren arabera, Ikerleku bat dator espazioaren izaera juridikoarekin, eta arautuz gero posible litzateke oinezkoei lehentasuna ematea. Horrela, gaur egun baimenduta dauden 76 ibilgailuek eta etorkizunean Novedadeseko garajeak erabiliko dituzten beste 26 ibilgailuk pasabidea izango lukete.

Gorka Artola alkateak azpimarratu du txostenek interes publikoari eta indarrean dagoen planeamenduari erantzuten diotela. Gainera, planeamendua aldatzea justifikatzeko hainbat baldintza bete behar direla gogorarazi du, eta teknikoekin egindako kontrasteetan baldintza horiek ez direla betetzen ziurtatu du. Artolak eta Markel Azkargorta hirigintza zinegotziak beste bost aukeren gabeziak ere azaldu zituzten atzo eguena, hedabideen aurrean egindako agerraldian. Besteak beste, lurren jabetza publiko eta pribatuen arteko arazoak, Alde Zaharrean trafikoa sortzeko arriskua, ibilbide luzeagoak eta segurtasun arazoak aipatu zituzten.

Prozesu parte-hartzailea

Bestalde, proiektua bizilagunei azaltzeko informazio batzarra egin zuten atzo. Hogeita hamar bizilagun inguru bildu ziren, eta udal gobernuak martxan jarriko duen parte-hartze prozesuaren berri eman zuten bertan. Hurrengo bilera martxoaren 25ean egingo dute, eta helburua bizilagunekin lantalde txiki bat sortzea da, Ikerleku kalean oinezkoen lehentasuna eta baimendutako ibilgailuen arteko elkarbizitza nola antolatuko den lantzeko.

EAJk beste alternatiba bat

Bergarako EAJk, bere aldetik, irtenbide hobeak badaudela defendatu du, eta uste du Udal Gobernuak proposatutako parte-hartze prozesuak ez duela benetako eraginik izango, oposizioaren arabera erabaki nagusia jada hartuta baitago. Jeltzaleen ustez, egokiagoa litzateke garajeetarako sarrera Seminarixoko patiotik bideratzea, gaur egun aparkaleku publikoak erabiltzen duen sarbide bera aprobetxatuz. Horrela, Ikerleku zeharbidea oinezkoentzat mantenduko litzateke, Bidekurutzeta, Iparragirre eta Ibargarai kaleak lotzen dituen pasabidea baita.

Bestalde, Alde Zaharreko Plan Bereziak jasotzen duen bezala, garajeetarako sarbidea Ibargarai kaletik egitea ere proposatu dute, gaur egungo aparkaleku publikoaren sarrera baliatuta. Mikel Letek, EAJko bozeramaileak, azaldu duenez, "planteamendu hau etorkizunari begirakoa da: oinezkoen segurtasuna babesten du, etxebizitzen etorkizuneko jabeen beharrak betetzen ditu eta Seminarixoko patioaren erabilera, funtsean, mantenduko luke". Hala ere, jeltzaleek adierazi dute prest daudela udal gobernuarekin elkarrizketa mantentzeko eta irtenbide adostu bat bilatzeko.

Egunak pasatu ahala, erabakia aldatzea geroz eta zailagoa izango dela diote Bergarako jeltzaleek, horregatik guztiagatik, haien altenatiba "egingarria" dela diote, eta bete beharreko irizpideak aurkeztu dizkiote alkateari.

Bestalde, jeltzaleek diote eraikin berriaren exekuzio-proiektua atzeratuko dela aprobetxatu eta baliatu beharko litzatekeela hartutako erabakia bertan behera utzi eta eraikiko den etxebizitzako autoentzako sarbidea aldatzeko. "Orain da momentua" adierazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak