Ekitaldia Irati Jimenezek, Olaso Dorrea Fundazioko lehendakariak aurkeztu du, eta ondoren hitza hartu dute Iñigo Santxo abokatuak eta Gorka Artola Bergarako alkateak. Amaieran, Castellsek berak jaso du saria eta hitz batzuk eskaini ditu oholtzan.
Bere esku-hartzean, eskerrak eman dizkie urte hauetan guztietan lagun izan dituen pertsonei, eta bere ibilbidean bidelagun izan dituen lankideak, lagunak eta ingurukoak gogora ekarri ditu. Horrez gain, abokatu ofizioaz eta lanbide horren bilakaeraz ere jardun du, eta justiziaren aldeko konpromisoa eta herritarren eskubideen defentsa lanbidearen oinarrian egon behar direla azpimarratu du. Castellsek Zare Álvarez eskultoreak egindako "uhin formako eskultura organiko" obra jaso du garaikur modura. Amaitzeko protagonistari aurreskuarekin amaitu dute.
Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak 2021ean sortu zuten Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei saria, euskararen eta euskal kulturaren alde egindako ekarpena aitortzeko, Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuza gogoan. Aurtengoan, epaimahaiak Castellsen Euskal Herriaren eskubideen defentsan egindako ibilbidea nabarmendu du. 1956tik abokatu lanetan diharduen Castells erreferentziazko legelaria da Euskal Herrian, eta 94 urte dituen arren, erretirorik hartu gabe jarraitzen du lanean.