HEMEN DEBAGOIENA

Timothee Habegger: "Neure buruari galdezka hasi nintzen: zergatik ez dugu euskarari buruz ezer ikasi?"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko martxoaren 11

Euskara existitzen zenik ere ez zekien, eta etorri bezain laster hasi zen ikasten, kalean, herritarrekin.

Musika talde batekin biran etorri zen Suitzatik Euskal Herrira Timothee Habegger (Naoned –Nantes–, Frantzia, 1991). Lehen kontzertua Soraluzeko gaztetxean eman zuten, eta orduan ezagutu zuen haren emaztea. Duela 10 urtetik bizi da Osintxun.

Nolakoa da Naoned?

Hiri handi bat da; Bilboren antzekoa, esango nuke. Ni hirian bertan ez nintzen bizi, baizik eta Saint Philbert de Grand Lieun, Naonedetik 30 bat minutura. Herri txiki bat da. 3.000 pertsona bizi ziren, eta gaur egun 4.000 baino gehiago ditu. Duen berezitasunetako bat da Lac de Grand Lieu, laku bat. Udan oso txikia da, eta handi bihurtzen da neguan, azalera bikoiztu egiten baita.

Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?

8 urterekin Suitzara joan ginen, nire amaren jaioterrira, Tramelan-era. Nire gurasoak banandu egin ziren, eta horregatik joan ginen. Deskolokatuta joan nintzen, zelanbait. Nire lehengusuak ere han zeuden, eta horrela integratu ginen.

Alderik bazegoen Saint Philbert de Grand Lieuren eta Tramelanen artean?

Bai; Frantzian haur pila zegoen eskoletan; agian, 30 haur ginen gela bakoitzean. Suitzan sistema oso ezberdina zen. Frantzian Suitzan baino urtebete lehenago hasten dira eskolan. Ni iritsi nintzenean, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan sartu nintzen, baina nire ikaskideek baino urtebete gutxiago nuen.

Suitzatik Osintxura nolatan?

Musika talde batek bira bat egin behar zuen Iberiar penintsulan, eta lehendabiziko hitzordua Soraluzeko gaztetxean zeukaten. Han ezagutu nuen nire emaztea. Gaur egun, lau seme-alaba dauzkagu.

4.000 biztanleko herri batetik Osintxura etortzea aldaketa handia izan da? Zer-nolako egokitzapena izan da?

Nahiago nuen leku txikiago batean bizi, petit comité-n egotea eta jendea ezagutzea. Herritarrekin gertutasun handiagoa dago, onerako eta txarrerako. Gehiago da, ordea, onerako.

Ondo hartu zaituzte?

Uste dut baietz. [Barre]

Erraz hartu zenuen hona etortzeko erabakia? Beste aukera bat izan zitekeen han geratzea.

Pentsatu genuen Suitzan bizitzea; zati bat han, bestea hemen... Azkenean, erabaki dugu seme-alabekin egoteko leku egokia dela Osintxu. Esan bezala, hurbiltasunagatik. Haurrekin bizimodua Suitzan ezberdina da. Jendea oso indibidualista da, eta haurrei ez diete horrenbeste laguntzen. Tokiaren araberakoa da, baina pentsaera ezberdina da.

Zailtasunik izan duzu?

Nik ez nekien euskara existitzen zenik ere.

"Nahiago nuen leku txikiago batean bizi, 'petit comité'-n egotea eta jendea ezagutzea"

Jakin zenuenean zer pentsatu zenuen?

Flipatu egin nuen. Neure buruari galdezka hasi nintzen: zergatik ez dugu euskarari buruz ezer ikasi? Zergatik ez da agertzen gure historiako liburuetan? Frantzian ere badaude galdutako hizkuntzak edo hiztun gutxi geratzen direnak. Ez euskara bezala; euskaraz jende askok hitz egiten du. Batzuetan, historia den moduan ez digute kontatu, zati bat soilik kontatu digute.

Beste ezerk harritu zintuen?

Kaleko bizitzak. Kalea jendez beteta ikusten nuen. Poteoa Suitzan ez da ikusten. Bizitza soziala gehiago egiten da taldeka. Harremanaren arabera egiten dira taldeak, eta etxeetan elkartzen dira.

Hemen kuadrillak daude.

Baina kalean elkartzen dira. Nire emaztearen kuadrilletan ibili naiz, eta gertuko lagunak baditut, baina ez naiz sartu kuadrilla batean.

Nolakoak dira euskaldunak?

Burugogorrak, baina ona da hori. Ez dakit nola azaldu. Esango nuke euskaldunek ere esaten dutela.

Suitzako janaria ezberdina da?

Patata, arroza eta pasta gehiago jaten dute han, barazki batzuekin eta okelarekin. Dena plater batean. Hemen lekale gehiago jaten da han baino.

Zer igartzen duzu faltan Suitzatik?

Gazta eta snaps-a; uxualaren [orujoa] antzerakoa da, baina mahats osoarekin egiten da.

Osintxuko auzolanean hartzen duzu parte?

Urtean birritan garbitzen ditugu arekak. Jaietan ere laguntzen dut. Joan den urtean, txosnaz arduratu nintzen lagun batzuekin.

Atzerritar sentitzen zara?

Ez. Ez dut inoiz sustrairik eduki. Nirea da mundu osoa.

Hori galdetu nahi nizun; nongoa sentitzen zara?

Uste dut ez dudala inoiz sentimendu hori eduki. Ez dut inoiz bertakoa sentitu naizen lekurik izan.

Zure etorkizuna Osintxun irudikatzen duzu?

Bai. Hemen daukat etxea erosita, eta hemen jarraitzeko asmoa dut. Gero ez dakit nola aldatuko diren gauzak nire bizitzan, baina, printzipioz, hemen ondo nago.

Euskara eta beste hizkuntza batzuk

Tim Habeggerrek euskara eta Euskal Herria ezagutzen ez bazituen ere, etorri bezain laster hasi zen hizkuntza ikasten, kalean, herritarrekin berbetan; baita testuak euskaraz irakurtzen ere: "Modu hori aukeratu dut ikasteko. Denborarik ere ez neukan euskaltegira joateko, lau umerekin eta lanarekin".

Moldatzen da euskaraz, eta elkarrizketa hau euskaraz egin du. Hasieratik zeukan argi, ordea, ikasi egin behar zuela: "Nire emaztearen ama-hizkuntza da. Nire seme-alabek euskaraz hitz egingo dute, eta nik ikasi egin behar nuela banekien. Erraz ez dut ikasi, baina dakidana kalean ikasi dut, jendearekin".

Bost hizkuntza dakizki

Etorri zenean gaztelaniaz ere "oso gutxi" zekiela aitortu du: "Frantsesa, azkenean, latinetik datorren hizkuntza da. Suitzan ere turista asko ibiltzen dira, eta beti egiten duzu topo gaztelaniaz dakien batekin. Ingelesa ere entzuten duzu, alemana, frantsesa, italiera, hebreera... Gaur egun, frantsesa, alemana, ingelesa eta, orain, gaztelania eta euskara hitz egiten ditut".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak