Hitzaldiarekin hasteko, gazteen eta etxebizitzen egoera azaldu du Ibarzabalek, eta gazteek emantzipatzeko izan ohi dituzten zailtasun nagusiak azpimarratu zituen; horietan larriena etxebizitzaren prezioa dela adieraziz. Etxebizitzaren prezioez gain, beste bi arazoz hitz egin zuen GAZeko teknikariak: "Gero eta gazte gehiagok goi mailako ikasketak dituzte eta horrek lan merkatuan sartzeko prozesua atzeratzen du. Beste bat da enpleguak izateak ez dituela bermatzen etxebizitza bat izateak suposatzen dituen gastuei aurre egiteko gaitasuna izatea".
Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak gaur egun gazteek emantzipatzeko dituzten arazoei aurre egiteko baliagarriak diren hainbat neurri eta laguntzataz hitz egin zuen Ibarzabalek. "Etxebizitza babestuak lortzeko Etxebide zerbitzua batetik, eta laguntza ekonomikoak bestetik".
Diru laguntzak azaltzeaz gain, etxebizitza bat bilatzeko orduan, gomendio bezala, bilaketa atarietan begiratzean eta inguruko jendearekin kontsultatzean jarri zuen azpimarra Ibarzabalek. "Asko funtzionatzen duen zerbait eta askotan ahazten zaigun zerbait da inguruan hitz egitea. Familian, lagun artean eta lanean adibidez".
Harremanetan jartzeko
Gaz.eus atarian dago Ibarzabalek hitzaldian emandako informazioa. Edozein zalantza argitu nahi izanez gero, GAZ zerbitzuarekin harremanetan jartzea posible da 646 10 91 26 telefono zenbakira Whatsappez idatziz, eta baita gaz@euskadi.eus helbide elektronikoaren eta webgunearen bitartez. Informazio zerbitzuak zabalik daude astelehenetik ostiralera, goizeko zortzietatik gaueko bederatzietara.