Atzo, astelehena, egin zuten otsaileko ohiko osoko bilkura eta aho batez onartu zuten puntuetako bat izan zen trafiko ordenantzan egokitzapenak egitea. Udal Gobernuak adierazi du ordenantza hori eguneratu gabe zegoela, eta aldaketak txertatu dituztela Bergara "gero eta erosoago, seguruago eta irisgarriago" izateko
Matrikula irakurgailuak
Matrikula irakurgailuak oinezkoek lehentasuna daukaten kaleetan jarriko dituzte. Orain arte, poste hidraulikoen sistema zegoen, baina EH Bilduko bozeramaile Maite Usabiagak adierazi du, sistema horrek arazoak eman dituela azken urteetan, eta horien ordez jarriko direla matrikula irakurgailuak. "Sistema konplexua da eta horiek konpontzea eta mantentzea nahiko garestia da. Zalantza asko eduki ditugu, baina teknikoki sakon aztertu eta gero, erabaki da aldaketa egitea. Datuen babesari begira, zorrotz zainduko ditugu herritarren datuak", zihoen bilkura ostean.
Aurreratu duenez, faseka jarriko dituzte. Artekalea, Harruriaga eta Barrenkalea kaleetan hasiko dira. Oraindik data zehaztu gabe, adierazi du, lehenago harremanetan jarriko direla bizilagunekin matrikula irakurgailuei eta baimenei buruzko xehetasunak emateko.
Patinete elektrikoen erabilera araututa
Mugikortasun pertsonaleko zenbait ibilgailuen erabilera ere arautu egin dute, eta horren baitan sartu dute, esaterako, patinete elektrikoen erabileran hartutako neurrietako batzuk dira bidegorritik edo galtzadatik zirkulatu ahal izatea; espaloi edo oinezko guneetan oinezkoen abiaduran soilik zirkulatu ahal izango da; debekatuta dago aurikularrekin, kaskoekin edota bestelako gailu mugikorrak erabiliz zirkulatzea; debekatuta dago erregelamendu bidez ezarritako alkohol-tasak gaindituta edo drogen eraginpean zirkualtzea; ibilgailua erabiltzeko gutxienez 14 urte behar izango dira; debekatuta egongo da gidaria ez den beste inor garraiatzea eta nahiatezkoa izango da kaskoa eta atzeko argia erabiltzea.
Patinete elektrikoak geroz eta gehiago ikusten direla kaleetan eta horien erabilera arautzeko beharra ikusi dutela dio Usabiagak. Azaldu du, inguruko herrietako arautegiak hartu dituzte oinarri erabakiak hartzeko.
Bergarako EAJk patinete elektrikoen erabilera arautu izana nabarmendu du, azaldu dutenez, hainbat alditan eskatu baitute hori. Hala ere, Mugikortasun Plan baten beharra dagoela gaineratu dute. "Behin eta berriz aldarrikatu dugu patinete elektrikoen erabilera arautzea. Erabilera hazi egin da, eta hori arautzea behar zen. Hor jasotzen dira nola erabili behar den, nondik, ze abiaduratan... Hala ere, guk jarraitzen dugu eskatzen Mugikortasun Plan baten beharra dagoela Bergaran, non aurreikusi daitezkeen beste aldaketa batzuk", gaineratu zuen EAJko bozeramaile Mikel Letek.
Hirugarren kategoriako ibilgailuak
Eguneraketarekin debekatuta egongo da bizitegi-eremu urbanoko aparkalekuetan hirugarren kategoriako ibilgailuak –ibilgailu bereziak, nekazaritza-erabilerakoak edota obra publikoetakoak, karabanak, atoiak eta erdiatoriak aparkatzea, horretarako baimendutako guneetan edota baimendutako ordutegiaren barruan zama-lanak egiteko izan ezik.
Martxoak 8ko adierazpen bateratua
Atzoko osoko bilkuran, Martxoaren 8ko adierazpen bateratua onartu zuten aho batez. Udalbatzak berretsi nahi izan du emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal horrekiko konpromisoa, eta besteak beste, mugimendu feminitak egindako ibilbidea eta lana aitortu dute. Herritarrei dei egin diete martxoaren 8aren bueltan egingo dituzten deialdi guztietara bat egiteko.