Enpresare osatzen duten enpresa guztiak edo gehienak batu dira gaur, Bergarako Miguel Altuna institutuko areto nagusian, eta 2025ean egindakoak eta etorkizunera begirako aurreikuspenak eta helburuak zeintzuk diren adierazi dituzte.
Hitza hartzen lehenengoa, Enpresare elkarteko presidente Alain Vivas izan da. Eta esker mezuak emanez hasi da. Aldundiari, Debagoieneko Mankomunitateari, Bergarako Udalari eta Enpresare osatzen duten enpresetako eta beste erakunde batzuetako ordezkariei eskerrak emanez. "Gaurko eguna berezia da: Elkarrekin egoteko, egindako bidea errepasatzeko, eta aurrera begiratzeko unea. Ziurgabetasunak eta mundu mailako ezegonkortasunak markatutako testuinguruan bizi gara, eta, egoera honetan garrantzitsua da elkarri eustea", azaldu du Vivasek. Hitzartzea amaitzeko, Iraundi eta JH Grinding solutions-eko kide berriei aipamen berezia egin die.
Lankidetza ardatz
Gorka Artola, Bergarako alkatea igo da gero oholtzara, eta, lankidetzaren garrantzia azpimarratu du. Eta, Vivasek esan bezala, gaur egungo egoera aztertzearen garrantziaz ere egin du berba, besteak beste. "Bizi garen testuingurua aztertu behar dugu; entzun eta ikusi. Gainera, Enpresarek lankidetza bultzatzen du, eta, aukera berriak irekitzen dira horrela…".
Era berean, Carla Añonek, Enpresareko Zuzendari exekutiboak enpresen batzeari eman dio garrantzia. "Gaur egun, Munduaren egoera zein den ikusita, elkarlanetik, arazo eta helburu berdinak dituzten enpresak batzea oso aberasgarria dela uste dugu, eta, gaurko egunean partekatze hori da funtsa. Bata bestearekin aurrera joan nahi dugu", azaldu du.
Amaia Arregi Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusia ere ekitaldian izan da, eta bere esanetan, oso garrantzitsua da halako foro batean egoteko aukera izatea. Zerbitzu publiko bat izanda, enpresen zerbitzura egon behar gara, ekonomia sustapenetik. "Enpresarek dituen erronkak eta planak ezagutzea garrantzitsua da, guk eruren bidelagun izaten jarraitzeko, eta, horretan sinisten dugulako: entzute aktibo horretan, eta, gero elkarlan baten".