Miguel Castells Artetxek (Busturia, 1931) jasoko du aurten Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak banatzen duten Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei Saria. Gaur, Olaso dorrean bertan izan den agerraldian eman dute erabakiaren berri Gorka Artola alkateak eta Fundazioaren lehendakari Irati Jimenezek.
Artolak adierazi duenez, Telesforo Monzonek eta Maria Josefa Ganuzak bezala "bizitza osoan zehar euskararen eta euskal kulturaren alde jardun duten gizon eta emakumeen ekarpena aitortzeko" sortu zuten 2021ean saria eta Castellsen kasuan "euskal herria eta euskal kulturari eskainitako bizitza osoko defentsa eta zerbitzua" aitortu nahi dute: "Bere lana, herri honen eskubideen alde eta bertako herritarren aurkako bidegabekerien aurrean burutu duen defentsa eta salaketa irmoa, guretzat eredugarria da".
1956tik abokatu
Olaso Dorrea Fundazioko lehendakari Irati Jimenezek errepasatu du gaurko agerraldian Miguel Castellsen ibilbidea. 5 urte zituela galdu zuen ama, eta errepublikanoek Teruelgo bataila galtzean, aita kartzelan sartu zuten. Deustuko Unibertsitatean eta Madrilen egin zituen Zuzenbide ikasketak eta 195an hasi zen abokatu lanetan. "1960ko hamarkadan, kartzelan ezagutu zituen ETAko kideek eskatuta haien defentsaz arduratuko zen abokatu talde bat antolatzeari ekin zion. Eta 1970ean bera izan zen Burgosko Auzian auzipetutako hamasei euskaldunen aldeko abokatuetako bat", azaldu du Jimenezek.

Francoren heriotzaren ostean, Amnistiaren Aldeko batzordeen sortzaileetako bat izan zen eta erakunde publikoetan ere aritu zen: 1979an Espainiako hauteskunde orokorrean senatari hautatu zuten Herri Batasunako kide bezala eta 1980an Gasteizko Legebiltzarrerako lehen legegintzaldiko parlamentaria izan zen.
1983an urtebeteko kartzela zigorra ezarri zioten 1979an Punto y Hora de Euskal Herria astekarian German Rodriguezen eta Joseba Barandiaranen hilketak zigor gabe geratu zirela salatzen zuen artikulu bat argitara emateagatik. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak zigorra berretsi zuen arren, Europako Giza Eskubideen Tribunalak 1992an epaia bertan behera uztea lortu zuen.
Erretirorik hartu ez duen "erreferentziazko legelari"
"Miguel Castells erreferentziazko legelaria bihurtu da Euskal Herrian eta Euskal Herriko mugetatik kanpo ere. Legegintza ikasketetan erabiltzen dira bere irizpide juridikoak. Bere pentsaeratik urrun daudenen begirunea ere irabazia dauka", gaineratu du Olaso Dorrea Fundazioko lehendakariak, eta gogora ekarri du kasu bat onartu ala ez erabakitzeko Castellsen irizpidea ere ekarri du gogora: noiz ez duela defendatuko gizona emakumearen aurrean, ezta enpresaria langilearen aurrean ere.
94 urte ditu beteta Miguel Castellsek, baina ez du erretirotik hartu. Hala, 2020an Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak kondekorazio berezi bat eskaini zion.
Sari banaketa ekitaldia, martxoaren 10ean
Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei sariaren banaketa ekitaldia martxoaren 10ean izango da, 18:30ean hasita, Bergarako Seminarixoan.