Barrenkalea berrurbanizatzeko obrak amaierara iristen ari dira, eta egunotan ari dira azken lanak egiten. 2025eko martxoan ekin zieten lanei, eta Bergarako Udalak aurreratu du obra amaituta egongo dela otsaileko lehen hamabostaldirako. Aurreikuspena zen hamabar hilabetean amaitzea, abendurako, baina, hainbat gorabeherak eraginda –tartean, Egino Mallea aurrean azaldu zen Arane errekastoak–, atzeratu egin dira lanak.
Komertzioetan eragina
Barrenkalea guztiz itxita egon da ibilgailuendako, baina oinezkoek egin ahal izan dituzte sartu-irtenak atari edota komertzioetara, horretarako egokitu dituzten pasabideen bidez. Kale hartako dendariek ere bertatik bertara jarraitu dituzte obrak. Esaterako, Zubikua arropa dendako Edurne Gallastegik dio ez dela "erraza" izan: "Hauts pila egon da, zarata handia... Zaila izan da normaltasuna mantentzea dendan". Jolas dendako langile Maite Larrañagak ere azaldu du zarata eta hautsa egon dela, baina "derrigorrez" egin beharreko lanak zirela. Biek nabarmendu dute langileekin izandako harreman ona. "Langileak oso ondo portatu dira. Edozer egin behar izan dutenean jakinarazi egin digute, eta arropa kanpoan bagenuen sartzeko esan digute", adierazi du Gallastegik. Larrañagaren esanetan, langileak "oso profesional, oso txukun eta laguntzeko prest" aritu dira: "Obra ez dugu faltan igarriko, baina langileak bai. Ia urtebete izan da haiekin elkarbizitzen". Savile Sastreriako arduradun Naiara Alonsok ere azpimarratu du obrako langileak beti saiatu direla saltokietako sarrerak mantentzen: "Oso komunikazio ona mantendu dute gurekin".
The Badass Project dendak martxoa ezkero izan du mugimendua pare-parean, Egino Mallea plazan, eta hango Ion Anduezak azaldu du "ohitu" egin direla: "Gauza bat dela, bestea dela... urtebete beteko da. Martxoan hasi ziren. Gure denda aurreko plazatxoan material asko egon da, biltokia... Ohitu egin gara. Kalea askoz hobeto egongo da; era positiboan hartzen dugu".
Savile dendan beherakada nabaritu dute erosketetan: "Obra hasi zenetik, uztailetik azarora bitartean salmentak aurreko urtekoak baino txikiagoak izan dira; %20 gutxiago. "Ez dakizu obragatik izan den, eguraldiagatik edo hainbat faktorerengatik. Uste dugu zati handi bat izan dela obrengatik. Jendeak komentatu du obrak eta pasa- bideak zeudelako ez zirela pasatzen hemendik", azaldu du.
Kontrara, The Badass Projecten eta Zubikuan ez dute alderik nabaritu, eta bezeroak "berdin-berdin" joan direla diote: "Norbaitek zerbait behar zuenean etorri egin da, eta listo".
Irisgarritasuna, onura
Lanak amaitzear direla, pozik daude saltzaileak, eta irisgarritasuna nabarmendu dute onura moduan. "Kalea oso txukun eta dotore geratu da. Erraztasunak dituzte oinezkoek. Nagusiendako, orgekin dabiltzanendako... oso ondo geratu da", adierazi du Jolas dendako Maite Larrañagak. Savileko Naiara Alonsoren ustez ere kalea "oso polit" geratu da, eta zabalago ikusten da: "Espero dut jendea animatzea alde zaharrean ibiltzera. Espero dugu ohitura hori jarraitu, mantendu eta igo egingo dela".
Hainbat saltoki-sarreratan bezala, irisgarritasuna bermatuko dute The Badass Projecten ere. "Gure dendarako sarreran eskailerak zeuden, eta, guk eskatu barik, arrapala bat jarriko digute, aulki gurpildunekin edo bestelakoekin etortzen direnendako. Aspektu positiboa izango da", gehitu du Ion Anduezak.
Lanei buruzko xehetasunak
Barrenkalea kaleko lanak Zubieder enpresak egin ditu, 1.447.383 euroko aurrekontuarekin –BEZa barne–, eta bi fasetan egin dituzte esku-hartzeak: lehen fasea Egino Mallea plazatik Arrese kantoirainokoa izan da; eta bigarrena, Arrese kantoitik San Martin plazaraino. Besteak beste, lur azpiko sareak berritu eta kale osoa maila berean jarri dute.
Hurrengoa: herriko plaza
Barrenkalea berrurbanizatutakoan, San Martin plaza berritzeko lanak hasiko dituzte. Oraindik data zehatzik ez badago ere, Udalaren asmoa da udaberrian hastea. Obrak lizitaziora aterata, lau enpresa aurkeztu dira, eta "epe laburrean" emango du Udalak lizitazioaren berri. Plazako proiektuaren aurrekontua 2.196.66 eurokoa da, eta Vaumm Arkitektura eta Hirigintza enpresak idatzi du.