Erretaula nagusiaren irudia jasotzen duen oihal handi batek estaltzen du eraberritze lanetan dagoen eremua. Erretaulako irudiak txukun-txukun gordeta daude egurrezko estruktura batean. Guztiak banan-banan eraberrituko dituzte gero bere lekura bueltatzeko. Zapatuko bisitan Peio Irizar gidariak esan zuen lan garrantzitsuak direla; izan ere, pieza oso interesgarria da San Pedroko erretaula nagusiak.
Hilzoriko Kristoa, organoa eta kanpaiak, eraberritua
Erretaula nagusia ez da San Pedron zaharberritzen den lehen pieza. Zaharberritze lan garrantzitsuak egin zizkioten, esaterako, Hilzoriko Kristoari. Parrokiak gordetzen duen irudi gorenetako bat da eta 2017an eraberritu zuten. Koroaren azpiko kapera barrokoan kokatua, urtebete baino gehiago egin zuen Hilzoriko Kristoak Sevillan. 1626an heldu zen Bergarara eta orain bederatzi urte zaharberritu zuten Andaluziako Ondare Historikoko Institutuan.
Stoltz Freres organoa ere berriki eraberritutakoa da. Parrokiak gordetzen duen beste harribitxietako bat da. Piezaz pieza desmuntatu zuten 2023an, eta 10 hilabete egin zituen Frantzian. Bueltan ekarri, atzera ere piezaz pieza muntatu eta gaur egun lehen mailako organo erromantikoa da, Gipuzkoako onenetarikoa. Aditu asko etortzen dira bai jotzera bai entzutera.
Kanpandorreko 12 kanpaiak 2011n eraberritu zituzten Palentziako Campanas Quintana etxean. Ikusten den moduan, poliki-poliki parrokiako hainbat pieza baliotsu eraberritzen ari dira Bergarako San Pedro parrokian.
Bitxikeria guztiak ezagutzeko aukera
Ia 120 urte behar izan ziren eliza eraikitzeko eta makina bat gorabehera izan ziren tarte horretan. Zergatik eta noiztik dago San Roke aldare nagusia? Herri zein familiak babestu zuten elizaren eraikuntza? Nolatan dago San Martini eskainitako aldare bat hasiera batean San Juani eskaini bazen? Zer dela-eta ikus daiteke kaleko galtzadaren zati bat sakristian? Galdera horiek danak erantzuten ditu Irizarrek hileko azken zapatuko bisita gidatuetan. Doan dira eta Laboratorium Museoan egin daiteke erreserba.