Iazko aurrekontuarekin alderatuta aurten, kopuru txikiagoa izango du Bergarako Udalak aurrekontuetarako, udal gobernuak adierazi duenez, 2025ean inbertsioak egiteko 2,5 milioi euroko mailegua eskatu zuelako. Jaso dituzten proiektu esanguratsuenen artean daude, besteak beste, Martokoa kaleko lanak (725.000 euro), Martokoa eta Zubiaurre kaleetako ardatzaren aurreproiektua, Agorrosingo instalazio fotovoltaikoak (230.000 euro), edota Bergara eta Antzuola arteko bidegorriaren azken fasea gauzatzea (200.000 euro).
Hala ere, udal gobernuak azaldu du saiatu direla espazio publikoen hobekuntzak zerbitzu eta politika soziala duten aspektu batzuekin orekatzen. "Etxez etxeko zerbitzuaren azterketa daukagu mahai gainean, euskara errefortzuen berrantolaketa, berdintasuneko partida lortu dugu aurrekontu orokorren %1era iristea, eta horrekin lotuta, herritarrekin dauzkagun kanalak indartzea proposatzen dugu. Haurren Kontseilua sortuko da, Adinekoen Kontseilua badago eta hori sendotuko dugu, eta kulturarteko mahaia adibidez", zioen Maite Usabiagak pleno ostean.
PSE-EE, alde; EAJ, kontra
Alderdi sozialistak udal gobernuak egindako aurrekontu proposamena babestu du aldeko botoarekin. PSE-EEko bozeramaile Alberto Alonsok dio botoarekin, haien ustez, "politika irekia" denari babesa eman nahi izan dietela, eta partaide eta informatuta sentitu direla "une oro", aurrekontuei dagokienean edota udaleko beste gai batzuei dagokienez: "Iaz abstenitu egin ginen, eta uste dugu aurten, nolabait, babes hori udalarekin lan egiteko modu horretan irudikatu behar genuela".
Jeltzaleek, berriz, aurkako botoa eman zuten. Bergarako EAJko Mikel Lete bozeramailearen hitzetan, iazko aurrekontuetan jasotako EAJren zenbait proposamen udal gobernuak bete ez izana, eta aurtengo proposamenen aurrean, EH Bilduk emandako erantzuna izan dira horren arrazoia: "Uste dugu kudeaketa ez zuzen baten ondorioa izan dela".
EAJren ezezkoaren aurrean, Usabiagak adierazi du alderdi bakoitzak proiektu ezberdinak dituela, baina udal gobernuak "elkarlanerako prestutasuna" erakutsi duela haiekin aurrekontuak lantzeko. Gaineratu duenez, herriaren beharretan adostasuna egon arren, lehentasunak markatzeko moduan eta herri proiektuaren ikuspegian desberdintasunak daude: "Gertatzen dena da guk lau urterako bideorria daukagula, eta proposamen horien bideragarritasuna aztertu behar dugula koherenteak izateko bideorri horrekin".
Mugikortasun Plana eztabaidagai
Aurten ere, Mugikortasun Planak sortu du eztabaida, besteak beste, aurrekontuan onartzeko osoko bilkuran. EH Bilduk nabarmentzen du lehendabizi HAPOa egin behar dela, eta ondoren, Mugikortasun Plana."HAPOa berritzea oso apustu garrantzitsua da, eta hori izango da erabaki batzuen oinarria. Orain egingo bagenu Mugikortasun Plan bat, gero, Mugikortasun Plana egokitzea eskatu ahal digute, eta diru bat hastatu behar da plana egokitzeko. Horregatik, uste dugu zentzuzkoena dela itxarotea eta behin HAPOa dugunean, Mugikortasun Plana diseinatzea".
EAJk, ordea, uste du bi faktoreak bere kabuz landu daitezkeela. "Ikusten dugu HAPOa ez dela atera, enpresa ez delako esleitu. Ikusten dugu hori atzeratzen ari dela. Ikusten duguna da Bergarak ez duela izango behar duen Mugikortasun Plana hurrengo urteetan".
Aurrekontuak onartzeaz gain, 2026ko soldaten igoera, elkarkidetzako kuotak eta etxez etxeko zerbitzuaren adjudikazioa onartu zituzten.