ALBISTEAK

Atzegik Hezkuntzaren Nazioarteko Eguna baliatu du kolektiboak eremu horretan dituen erronkak azpimarratzeko

Ibai Irasuegi Garai 2026ko urtarrilaren 26a

14 urte ditu Nahia Teran bergararrak. Ipintza institutuan ikasten du, eta, down sindromea duten ikasle guztiek bezala, 16 urte betetzen dituenean ZIG Zereginen Ikaskuntzarako Gelara joan beharko da, legeak ez baitio beste aukerarik ematen. 

Desgaitasun intelektualak dituzten ikasleek ikasketetan laguntzak jasotzen dituzte DBHko 3. eta 4. mailara iritsi arte. Horiek horrela, Jasone Larrañagak, Nahiaren amak, azaldu duenez, Hezkuntza Sailetik, ikasketa guneetan maila horietara iritsi aurretik pare bat ikasturte errepikatzea gomendatzen zaie gurasoei. Hain zuzen, DBHko 2. maila bukatu ondoren ikasleak ZIG gelara sartzeko. "LHko lehenengo maila ondo egin zuen, baita bigarrena ere; baina bigarren mailan ikusi genuen jada edukiak ongi barneratzea komeni zela hirugarren mailara heldu aurretik. Orduan maila errepikatu zuen, eta normal jarraitu zuen seigarren mailara arte". 

DBH3.mailan irakasleen laguntzarik ez izatean, Lehen Hezkuntzako 6.ikasturtean mailaz errepikatu zuen bigarrenez. "Seigarren maila errepikatzen laga genuen, eta aurten pasa da DBHko lehen mailara. Egunero bi orduko laguntzak dauzka, eta egia esan oso gustura dabil. Orain 14 urte ditu, eta 16 urterekin ZIG gelara sartuko da". 

Informatika du gustuko

Teranek azaldu du asko gustatzen zaiola klasera joatea, eta informatika ikastea gustatuko litzaiokeela. Familiak, baina, ezin du aukeratu Teranen bidea zein izango den, eta Larrañagak adierazi du hezkuntza sistemak ez dituela aukera gehiegi ematen ikasleak etorkizunean nahi duena egiteko, eta nahi duen alorrean espezializatzeko: "ZIG gelan lantzen dituztenak dira egunerokotasunerako abilidadeak hartzea, eta hortik aukera gehienak dira tailerren batera joatea edo. Baina ez dute ikasketekin jarraitzen. Besteei ematen zaien aukerak izatea, eta ez dituzte. Hala, aukera horiek ez izatea bidegabea iruditzen zaigu". 

Ikastetxeetan, gustura

Dena dela, orain arte ikasitako guneetan "erabat babestuta" sentitu direla adierazi du Larrañagak, hezkuntzatik errotzen den arazo bat dela azpimarratuz. "Nahiak LHn eta HHn San Martinen izan dituen irakasleak zoragarriak izan dira. Orain Ipintzan dituen tutoreekin eta laguntzaileekin ere oso pozik dabil, eta, zentzu horretan, irakasleen aldetik oso erantzun ona jaso dugu; hezkuntza mailan dago arazoa". 

Aldarrikapen hauek bat egiten dute Atzegiren "Geurea lortu arte" lelopean aurten egiten ari den sentzibilizazio kanpainarekin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak