ALBISTEAK

Hiru hilabeteren ondoren, bihar irekiko dute Agorrosingo barruko igerilekua

Ibai Irasuegi Garai 2026ko urtarrilaren 23a

Urriaren 20ean abiatu ziren teilatuko estalpea aldatzeko obren egokitzapen lanak, eta, geroztik, itxita egon da kiroldegi barruko igerileku handia. Obrak amaituta, ohiko zerbitzuarekin irekiko dute.

2025eko martxoaren 20ko eta 21eko haizeteak Agorrosin kiroldegiko teilatuaren zati handi bat altxatu zuen. Horren ondorioz, barruko igerilekuko sabaiak kalte handiak jaso zituen, eta, Udalak urrira arte jarritako behin-behineko neurri batzuei esker, barruko igerilekuak zabalik izan ziren, urriaren 20an teilatua erabat konpontzeko obraren egokitzapen lanekin hasi ziren arte. Maite Usabiagak, Bergarako Udal Gobernuko bozeramaileak, azaldu duenez, behin-behineko konponbide horrek denbora eman zion Udalari kalteak ongi neurtzeko eta eta obrak behar zituen faseak diseinatzeko: "Baita obra garaian igerilekutik kanpo zeuden jarduerak zabalik mantentzeko eta erabiltzaileei ahalik eta eragozpen txikienak eragiteko ere".

Hortaz, estalpea aldatzeko proiektua Sestra Ingeniaritza eta Arkitektura SL enpresak idatzi zuen, eta lanen exekuzioa Construcciones Castellano SA enpresari esleitu zitzaion, 677.768 eurotan –BEZa barne–. "Iragazpen sistema berritzea izan da obraren muina, uraren sarbidea eragozteko eta, hain zuzen ere, erresistentzia handiagoa duen teilatu bat jartzeko", nabarmendu du Usabiagak.

Azken konponketekin

Hiru hilabeteren ondoren, bihar, zapatua, irekiko dituzte Agorrosingo barruko bi igerilekuak. Aste honetan, orain arte zabalik egon den igerileku txikia ere itxi dute, sabaiko konponketa txiki batzuk egiteko eta igerileku handia eta txikia bereizteko eraiki zuten horma kentzeko. Hasiera batean, otsailera arte igerilekuak itxita egongo zirela aurreikusita zegoen, baina, "aldeko baldintza" batzuei esker, lehenago bukatu ahal izan dira konponketa lanak.

Otsailera arte igerilekuak itxita egongo zirela aurreikusita zegoen, baina, "aldeko baldintza" batzuei esker, lehenago bukatu ahal izan dira konponketa lanak 

Agorrosin kiroldegiko igerileku handia itxita egon den bitartean, erabiltzaileei "ahalik eta eragin txikiena" sortzea izan zen Udalaren helburua. Horretarako, batetik, igerileku txikiaren eta handiaren artean horma bat eraiki zuten, igerileku txikia erabili ahal izateko.

Eta bertako saioak mantentzeari esker, Iñaki Ugarteburuk, Bergarako Kirol teknikariak, nabarmendu du kalteak ez direla "hain handiak" izan: "Erabiltzaile arrunten eta 6 eta 24 hilabete bitarteko ikasle txikien saioak mantendu ahal izan ditugu: igeriketa terapeutikoa, aquaerobica, igeriketa egokitua...". Bestalde, abonatuek eta igeriketa elkarteko kideek beste igerileku batzuk erabili ahal izan dituzte.

Bergara Igeri Elkartea

Hala, Bergara Igeri Elkarteko kideak Elgoibarren entrenatu dira, eta, horiez gain, kirol instalazioak irekita zeuden bitartean, ordutegi mugarik gabe, Agorrosingo igerilekuko abonatuek aukera izan dute Soraluzeko, Oñatiko, Arrasateko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako igerilekuetara joateko. Urrian, igerileku handiaren itxierarekin batera, abonatu kopuruak berehala egin zuen behera.

Urrira arte Agorrosinen izandako izen emate kopurua "berreskuratzea" espero du Ugarteburuk. Horretarako, urtean zehar abonatzeko aukera zabalik dago, eta otsailaren 2an hasiko diren bi ikastarotako izen emateak zabaldu dituzte. Horrenbestez, urtarrilaren 25era arte zabalik dago helduentzat zuzendutako igeriketa hastapen eta igeriketa hobekuntza ikastaroetako izen ematea.

Etxera bueltatzeko "gogotsu"

Bergara Igeri Elkarteko entrenatzaileak dira Asier Perez eta Josu Morras. Aurten, denboraldi hasiera Elgoibarren egin behar izan dute, eta, beste herri batera lekualdatzeak saioetan eragina izan badu ere, entrenatzaileak "oso gustura" daude igerilariengandik jasotako erantzunarekin: "Taldean 120 inguru gara, eta 100 bat kide ibili dira entrenamenduetara joaten. Alde horretatik, oso pozik gaude, espero baino erantzun hobea izan dugulako", azaldu du Morrasek.

"Guretzako oso pozgarria da ikustea ehuneko handi batek jarraitu egin duela Elgoibarren gurekin entrenatzen"

ASIER PEREZ, Bergara Igeri Elkarteko entrenatzailea

Horiek horrela, entrenamenduak egitea posible izateko klubak eta gurasoek egindako lana azpimarratu du Perezek: "Uste dut lan ona egin dela bai klubaren eta bai gurasoen aldetik. Guretzako oso pozgarria da ikustea ehuneko handi batek jarraitu egin duela Elgoibarren gurekin entrenatzen".

Entrenatzaileen arabera, igerilariak "espero baino hobeto" egokitu dira ikasturte hasierara, eta, balorazioa "positiboa" izan arren, Morrasek dioenez entrenamenduen bolumena jatsi egin da, eta horrek eragina izan du igerilari batzuen mailan: "Horregatik, gogotsu gaude Agorrosingo igerilekura bueltatzeko; talde giroa eta errendimendua hobetzeko". Hala, datorren astelehenean, kategoria guztietan, abian jarriko dituzte igeriketa saioak Agorrosinen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak