Novedades zinema aretoa zegoen eremuan eraikiko diren etxe berrietako garajeetarako sarbidea birplanteatzeko eskatu du, berriz ere, EAJk. Jeltzaleen lehentasuna da, diotenez, Bidekurutzeta, Iparragirre eta Ibargarai kaleak lotzen dituen Ikerleku zeharbidea oinezkoendako mantentzea eta horretarako "azterketa tekniko bat" eskatzen dute. "Uste dugu aztertzeko modukoa dela Seminarioko patioko ertz batetik ematea sarbidea garaje berrira; ez du esan nahi alternatiba bakarra denik eta horregatik eskatzen dugu, sikiera, aztertzea", dio Udaleko EAJko eledun Mikel Letek.
EAJren salaketa
EAJk uste du oinezkoekiko "pasibotasun osoz" eta etxeak eraikitzeko ardura izango duen enpresa sustatzailearen asmoei lehentasuna emanez hartu dituela erabakiak EH Bilduk, eta uste dute trafikoa Ikerlekutik bideratzea "arduragabekeria handia" izango zela. Ikerleku kaleko eta inguruko etxe batzuetako balkoietan ikus daitezke kale horretatik autorik ez igarotzea eskatzen dituzten pankartak edota baita, zenbait negoziotan ere, Ikerleku oinezkoentzat! aldarrikatzen duten kartelak. Bestalde, Letek gogoratu du iazko ekaineko Osoko Bilkuran onartutako hitzarmeneko epeak ez direla bete eta, besteak beste, eraikin zaharrak botatzeko lanak hilabete eta erdi atzeratu zirela: "Hurrengo hirigintza batzordean berriro galdetuko dugu".
EAJk Ikerleku saihesteko azterketa eskatu du; EH Bilduk dio, aztertu ostean, Ikerleku dela aukera bakarra
Udal Gobernuaren erantzuna
EAJk esandakoen aurrean, EH Bilduren gobernuak argi utzi nahi du Ikerlekun eztabaidagai izan den gaiari buruzko erabakia ez dela inprobisatua izan. Bertako bizilagun talde baten kezka ulertzen duela adierazi du gobernu taldeak, eta, horregatik, aurretik landutako alternatiba ezberdinak berraztertu direla azken hilabeteetan, bakoitzak zer suposatzen zuen baloratuz. Azterketa horren ostean, Ikerlekukoa ikusi dute aukera onargarri bakar bezala; Gobernuak nabarmendu du beste edozein aukerak sortzen zituen kalteak "onartezinak" liratekeela bergararren interes orokorrarentzat.
Gainera, gogoratu dute Ikerlekuko eremu hori gaur egun erabilera mistokoa dela, eta dagoeneko 74 erabiltzailek badutela ibilgailuak bertaratzeko baimena. Horregatik eraikin berriko 26 aparkalekuetako fluxuak Ikerleku kaletik bideratzea egoki ikusten du Bergarako Udal gobernuak eta kale horren oinezkoen lehentasunezko izaera indartzeko neurri zuzentzaileak aplikatzeko aukera aztertzen ari dira, horiek guztiak bertako bizilagunekin batera lantzeko asmoz.
Honako hau ere gaineratu dute EAJren proposamenaren aurrean: "EAJk proposatu duen alternatiba bakarra gaur egun erabilera publikoko jolas eremua den Seminarioko patiotik kotxeak sartzea izan da, espazio publiko batean erabilera guztiz pribatuko okupazio handi bat sortuz eta horrela Ibargarai eta Osteta arteko autoen trafiko fluxuak bikoiztuz. Alternatiba horrek bergarar guztion interes orokorra kolokan jartzen du". Hala, EH Bilduk salatu du EAJk egoera hori ezagutzen zuela: "Auzotarren artean kezka sortzea nahi izan dute, interes alderdikoiak erantzukizun publikoaren gainetik jarrita".
