Tipo jatorra da Andoni Calbano (Bergara, 2000), berriketaldi luze baterako arazorik ez duena, eta esaten duen hori pasioz esaten du, gainera. Urtarrilaren 4an, goizean, hotz egiten du Bergaran, oso jende gutxi dabil kalean, eta Realeko atleta taldeko jantziekin etorri da elkarrizketara, badakielako berbetan hasi aurretik argazki saioa izango duela. Lagun gutxi batzuek kalean gora eta behera ikusi dute, argazkietarako korrikaldiak egiten, eta askok ez zuten ezagutuko, seguru. Alegia, ez dakite herrikidea Euskal Herriko inoizko atleta azkarrena dela 200 metrotan (20.41), eta Espainiako Federazioaren arabera, historian, Bruno Hortelano (20.04) eta Pol Retamal (20.18) baino ez dira izan estatuan mahoneroa baino azkarragoak distantzia horretan. Ezagun ez izatea, kirol minoritario baten jarduteagatik ordaindu beharreko bidesaria.
Zelan joan dira Gabonak, Andoni? Izan ere, sasoi honetan ez dituzue txapelketak hasi, baina urte osorako oinarria orain egiten duzue, eta zaintzea tokatuko zen…
Bai, baina ez dut uste etxean nik baino frijitu gehiago beste inork jan dituenik [Barreak]. Tira, entrenatzen ibili naiz egunero, Espainiako selekzioarekin Valentzian kontzentratuta ere egon naiz errelebotako lasterketak prestatzen, horrenbestez, nahiz eta normalean baino gehiago jan, erre dudan guztiarekin, ez dago arazorik.
Askok asmo on mordo batekin hasten dute urte berria. Erretzeari utzi, garbiago jaten hasi, gimnasioan izena eman... Zuk ez duzu halakoen beharrik, baina izango dituzu beste batzuk.
Egia da kirolariak normalean oso zorrotzak izaten garela gure buruarekin, eta ni ere halakoxea naiz. Saiatzen naiz otorduak ondo antolatzen, ohera goiz joaten...
...Akaso, zure buruarekin horren zorrotza ez izatea izan daiteke asmo onetako bat? Izan ere, elitera iritsi zaretenok asko duzue hortik...
Bai, baina ez dakit horretarako kapaz izango nintzatekeen. Hau da, uste dut nire izateko moduarekin bat datorren zerbait dela, alegia, badut obsesio puntu bat gauzak geroago eta hobeto egiteko, eta saiatzen naiz hori neurtzen, alegia, egun osoan atletismoan pentsatzen ez egoten. Baina, bestalde, horrek eramaten gaitu geroago eta marka hobeak lortzera. Ez dakit elite mailako kirolari batek hori gabe aurrera egin dezakeen. Atletismoak, behintzat, aurrera egiteko egiten dugun horretan piskat obsesionatuta egotea eskatzen digu. Baina bai, ez naiz perfektua, gauza asko ditut hobetzeko. Esaterako, ohera goizago joaten saiatu behar dut.
"Niri abiadura gustatzen zait, ez korrika egitea; aspertu egingo nintzateke"
Espainiako txapelketa absolutua irabazi zenuen abuztuan Tarragonan (20.41). Zer dago marka horren atzean?
Egia esan, askotan gu ere ez gara izaten kontziente, nahi gabe etortzen diren markak dira horiek. Hau da, atzean sekulako lana dago, baina gauza txikietan saiatzen zara hobekuntzak egiten, eta halako batean, hobekuntza txiki horiek denak batuta irteten den marka da hori. Gogoan dut Espainiako Txapelketara joan aurretik Mojategin egin genuela azken entrenamendu saio serioetako bat. Ni oso gutxi ibili naiz Mojategin, normalean Anoetan entrenatzen gara, baina egun hartan ez dut gogoan zergatik, baina kontua da Arrasatera etorri ginela entrenatzera. Pentsa, uztail amaiera zen eta bakarrik geunden Mojategin. Eta entrenatzaileari –Oscar Ezker– esan nion ordua zela 200 metrokoan saiakera bat egiteko. Jendeak uste du etengabe egoten garela distantzia horiek entrenatzen, baina ez, lasterketaren zati ezberdinak entrenatzen ditugu, baina gutxitan egiten dugu distantzia totala. Tira, ba denborak neurtzeko gailu oso zorrotzak eramaten ditugu soinean, eta saiakera ezberdinak egin genituen, 160 metrotara iritsi ginen arte. Hor ikusi nuen marka on batetik gertu egon nintekeela.
Buruan matematikak egiten ibiltzen zarete, hortan...
Hori da! zure buruari esaten diozu: Irteeran horrenbeste egiten badut, hasierako metrotan horrenbeste, gero abiadura ondo hartzen badut, gero mantentzeko kapaz banaiz... Zenbatekoak batzen hasten zara eta konturatzen zara hor egon zaitezkeela. Noski, gero lasterketa egunean matematika horiek guztiak pistara eraman behar dituzu [Barreak]. Baina lasterketa egunean ezin duzu horrela ibili, pistan ez dituzu zenbaki horiek buruan izan behar, erabat kontzentratuta egon behar duzu. Izan ere, detaile txiki asko zaindu behar dira: irteera ona egin, abiadura ondo hartu, teknika zaindu, gorputzeko posturak, haizeak nondik jotzen duen, ze haize dagoen... Ez da umeak ginenean moduan eskolako patiora irten eta topera korrika egin, ez. Halako lasterketa bat hori baino askoz ere gehiago da, nahiz eta kanpotik jendea jabetu ez. Esaterako, emozio denak alboratu egin behar dituzu, teknika galtzen delako bestela.
"Cristiano Ronaldori egurra emango nioke, futbolistek ez dute korrika egiteko teknikarik"
Ez zara Gipuzkoan ikusgarri dabilen abiadurako atleta bakarra. Oihan Trecet, Ander Garaiar, Joseba Larrauri... Urrezko aro baten aurrean gaude?
Baietz esan liteke. Eta garrantzitsuena da gure artean tira egiten diogula elkarri, denok nahi dugula azkarrenak izan, eta aldi berean, ederto konpontzen gara, sekulako lagun giroa dugu. Asko laguntzen du, baita ere, benetako kontrarioa kronometroa dela jakiteak. Detaile bat kontatuko dizut. Abuztuan, Espainiako 200 metrotako lasterketa irabazi nuenean taldekideak harmailetan zeuden. Lasterketa irabazi nuenean Oihan Trecet negar batean joan zen Oscar entrenatzailearengana, erabat emozionatuta, eta biak egon ziren besarkatuta negarrez. Ez dago hitzik hori deskribatzeko, eta erakusten du gure artean ze harreman dugun.
Dagoeneko bost hilabete pasa dira Espainiako Txapelketa irabazi zenuenetik. Barneratu duzu lorpena?
Bai, baina ez diot buelta larregi ematen, eta askori pasatzen zaigun gauza bat da. Izan ere, Espainiako txapeldun dela etengabe pentsatzen duenak entrenatzeko amorrua galtzen du, lehiatzeko gosea, eta ez dut halakorik nahi, lortutakoarekin konformatzea, alegia. Nire entrenatzaileak sarritan esaten duen esaldia da, "lehenengoak ez du izaten bigarrenaren gosea", eta horregatik saiatzen naiz lortutako horretan askorik ez pentsatzen. Baina bestalde pentsatzen dut, ze demontre, sekulakoa izan zen! [Barre].
Ze helburu daukazu 2026ra begira?
Erronka handiena Europako Txapelketan parte hartu ahal izatea izango da. Iaz egin nuen markarekin dagoeneko barruan egongo nintzatekeen, baina gaur egun ez da erraza txapelketa horietara joateko baldintzak zeintzuk diren ondo ulertzea. Txapelketa konkretu batzuetan puntuak lortu behar dira, puntu horiekin rankingak osatzen dituzte... Baina bai, lehenengo egin beharrekoa marka horretatik gertu egotea izango da.
Neguko denboraldia, printzipioz, Espainiako shortrack txapelketarekin amaituko duzue...
Printzipioz bai, baina baliteke beste txapelketaren bat egotea tartean, esaterako, gizon eta emakumeon 4x100eko lasterketa mistoa, eta sekulako ilusioa egiten didan txapelketa da. Gabonetan, esaterako, Espainiako selekzioko hainbat atleta izan gara Valentzian kontzentratuta hori entrenatzen, izan ere, ez da modalitate batere erraza, gizonezkoon eta emakumezkoon abiadura ezberdina izaten delako, eta testigu aldaketetan, esaterako, egokitzapenak egin behar izaten ditugulako. Lehen ere esan dut, atletismoan kanpotik ikusten ez diren detaile mordoa daude, eta horiek lantzen egon gara Valentzian. Testigu aldaketak egin geldi gaudela, mugimenduan gaudela, bideoz grabatu, keinu bakoitza neurtu, zuzenketak egin...
"Mojategin, txapelketa baino astebete lehenago ikusi nuen marka ona egin nezakeela"
Ez zarete kirolari profesionalak, baina atletismoari esker bestelako bizipenak ere izaten dituzue.
Zalantza barik! 2025ean, esaterako, Txinan lehiatzeko aukera izan nuen, eta sekulako esperientzia izan zen! Munduko atleta onenak izan genituen ondoan, eta hori ez da egunero gertatzen. Eta bidaia moduan ere ederra izan zen hara joatea.
Ikusten da pasioz egiten duzula berba atletismoari buruz. Erabateko lehentasuna du zure egunerokoan?
Bai, zalantzarik barik. Azken urteotan egunero ibili naiz autobusean Donostiara bueltaka entrenatzera joaten, eta orain Amara auzoan alokatu dut logela bat. Gastu horiei aurre egiteko taberna baten ordu gutxi batzuk egiten ditut lan zerbitzari moduan, eta ingeniaritza ikasketak ere presa gabe egiten ari naiz, naiz eta gutxi geratzen zaidan amaitzeko. Eta, zaletasunak ere ondo neurtzen ditut: xakea, irakurtzea, marraztea... Alegia, atseden hartzen nabilen bitartean egin ditzakedan jarduerak dira, askorik nekatu gabe, ez zaidalako komeni. Alegia, izan naiteke mendizalea, baina ezin dut mendira joan, ez delako ona atletismorako. Eskerrak bikotea dagoeneko ohituta dagoen guzti honetara [Barreak], pazientzia galanta dauka.
Bide batez, gaztetan kirol jarduera asko egindakoa zara. Bergarako futbol taldeak hegaleko jokalari on bat galdu zuen?
Ez, ez, nahiko txarra nintzen, baina korrika egiten azkarra [Barreak]. Egiten nuen gauza bakarra zen baloiari aurrera ostikoa eman eta korrika egin. Gogoan dut behin, Zumarragan, bertako futbol zelaia handia da, eta nire postu berean zegoen kontrarioa 20. minuturako aldatu egin behar izan zutela, lehertuta zegoen nire atzetik korrika egiteaz. Baina denboraldi osoan gol bakarra egin nuen, txarra nintzen, bai. Hor erabaki nuen atletismora pasatzea.
Futbolean jokalari azkarra izatearen fama duen Cristiano Ronaldok ezingo zukeen, horrenbestez, zure kontra ezer egin...
Kristoren egurra emango nioke [Barre]. Orokorrean futbol jokalariak ez dira korrika egiten azkarrak, ez dute korrika egiteko teknika ona.
Ze markarekin amesten duzu?
20.30 egitea ederra izango litzateke. Marka horrekin zuzen joango nintzateke Munduko txapelketara.