Aurtengo abuztuaren 3an 120.urte bete ziren Esteban Urkiaga Basaraz (Laukiz, Bizkaia) Lauaxeta jaio zen egunetik. Horiek horrela, "haren historia kontatzeko" erakusketa propio bat zabaldu zuten atzo Olaso Dorrean. Urko Aiartzak, fundazioko zuzendariak azaldu duenez, bere heriotzan gertatu zenaren berri emateko, eta Lauaxeta bezala, euskal baztertuak izan diren hainbat figuraren istorioak berreskuratzeko: "Lauaxeta ez zen izan idazle eta olerkari bat bakarrik. Abertzale bat izan zen, gudari bat, eta, euskal kulkturaren pizkundean parte hartu zuen pertsona bat".
Lauaxeta, askatasunari dena eman zion olerkari abertzalea du izena erakusketak, eta aste osoan zehar ateak zabalik izango dira 18:00etatik 20:00etara bitartean. Lauaxetaren bizitza zazpi panelen eta bere familiak Olaso Dorrea Fundazioari utzitako hainbat objektuk osatzen dute. Erakusketa prestatzen hasi baino lehen, Lauaxetaren familia harremanetan jarri zen Olaso Dorrea Fundazioarekin. Familiak fundazioari azaldu zioenez, familiaren asmoa zen Lauaxetarekin harreamana zuten hainbat objektu fundazioari eta Olaso Dorreari uztea.
Hain zuzen ere, erakusketan ikusgai dauden objektu horiek "Lauaxetaren azken egunekin lotutakoak" direla azaldu du Aiartzak. Hala, Olaso Dorrean ikusi ahalko dira, besteak beste, "Lauaxetak erabiltzen zuen gabardina eta fusilatu zuten unean eskuan zeraman gurutzea". Horrez gain, Iñaki Egaña eta Irati Jimenez historialariek idatzitako zazpi panelek ere osatzen dute erakusketa, eta Lauaxetaren bizitzako pasarteen inguruko informazioa ematen du panel bakoitzak.
Txiki eta Otaegi
Euskal memoria zabaltzeko egin duten Lauaxetaren inguruko erakusketaren ondoren erakusketak egiten jarraitzea dela asmoa adierazi du Aiartzak: "Lauaxetaren erakusketaren ondoren Txiki eta Otaegiren erakusketa erakutsiko dugu. Erakusketa abendu amaieran eta urtarril hasieran egongo da ikusgai, eta hurrengo urtera begira seguru aski Manu Sotaren inguruko zerbait egingo dugu".