12:00etan abiatu da Bergarako San Martin plazatik Bergarako Pentsiodunen Mugimenduak gaurko deituta zuen manifestazioa eta sei emakume (pentsiodun bat eta ELA, LAB, ESK, Steilas eta Etxalde sindikatuetako ordezkari bana) izan dira mobilizazioaren buruan joan den PNV-PSE betorik ez! Pemntsio minimoa = gutxieneko soldata. Gutxieneko soldata hemen erabaki leloa zeraman pankarta eroan dutenak. Bigarren lerroan ere emakumeak izan dira protagonista, hainbat pentsiodunek eta bizi duten egoera salatzeko erosketa poltsa hutsak eroan dituzte.
"Pobreziak emakume aurpegia duelako hartu dugu gaur emakumeok protagonismoa. Pentsio kaskarrenak, eskasenak, duintasun gutxien dutenak gureak direlako. Soldata eta pentsio arrakalan ere gu gaude behean. Eta erosketa poltsa hutsekin irudikatu nahi izan dugu hori", azaldu du mobilizazioa amaitzean Bergarako Pentsiodunen Mugimenduko kide Maite Guridik.
Pentsiodunek eta haiekin bat egin duten herritarrek zein sindikatuetako eta eragile sozialetako kideek herriko hainbat kaletatik egin dute manifestazioa askotariko aldarrikapenak oihukatuz, eta behin Fraiskozuri plazara heldutakoan, komunikatu bat irakurri dute.
Abenduaren 18an, Gasteizen
Azaldu dute abenduaren 18an, Eusko Legebiltzarrean 2026rako aurrekontua onartzen den egunean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta manifestazioa egingo dutela Gasteizen. Esan dute helburua dela alderdi politikoei eskatzea pentsio minimoak gutxieneko soldatekin parekatzeko eta baita horretarako beharrezkoak diren aurrekontu partidak bideratzeko ere. Zehaztu dute datorren urteko aurrekontua %4 handiagoa izanda, ikusten dutela horretarako aukera eta azken momentura arte negoziazteko gertu agertu dira.
Era berean, gutxieneko pentsioen inguruko ekimenek eta lanbide arteko gutxieneko soldata propioa izateko eskariek erakundeetatik eta patronaletik jasotako erantzunak salatu dituzte. Egoera horren aurrean, pentsiodunen mugimendu, sindikatu eta bestelako eragile sozialen arteko mobilizazio eta topagune bateratuak bilatzea besterik ez dagoela azpimarratu dute, gaurko manifestazioa horren adibide jarriz.
Eguenean Gasteizera joateko deia egin eta horretarako autobusak daudela gogoratu ostean, Internazioanala abestuz bukatu dute gaurko mobilizazioa.