2020an urtean jarri zuen martxan Bergarako Udalak herriaren historia soziala eta horren barruan euskarak izandako tokia aztertzea helburu duen ekimena eta gaur aurkeztu dute ekimen horren bigarren emaitza: Juan Madariaga historialariak idatzi duen Euskararen historia soziala Bergaran 1600-1876 liburua. Udaletxeko osoko bilkuren aretoan izan da aurkezpen-ekitaldia eta herritar ugari batu dira bertan. Horien artean, Madariagak idatzitakoak euskarara itzuli dituzten Anaje Narbaiza eta Estepan Plazaola.
Aztertutako garaiko inkesta soziolinguistikorik edo gaiaren bueltako dokumenturik ez dagoen arren, Madariagak dio urte horietan euskaldun elebakarrak zirela nagusi Bergaran: "XVII mendean bergararren %80 zen euskaldun elebakarra; XIX. mendean, aldiz, %55-60 artean. Herritar xeheak ziren gehiengoa, nekazariak edo artisauak kasu; eta batez ere emakumeak. Goi-mailako herritarrak elebidunak ziren, eta euren artean gazteleraz hitz egiten bazuten ere, herri xehearekin edo morroiekin hitz egiteko euskara erabiltzen zuten". Historialariak gaineratzen du, era berean, argi dagoela bergararren ia gehienek zekitela euskara eta horren adibide jartzen du XIX. mendearen bigarren zatian egindako azterketa baten arabera, Gipuzkoako biztanleen %95 euskalduna zela.
1876tik aurrera, aldaketa
Urtebete inguru eman du Madariagak liburua ontzen eta hizkuntzaren erabileraren inguruko datu zuzenik ez dagoenez, bestelako dokumentuak eta adierazleak aztertu ditu; esaterako, alfabetatzetasa. Eta horren harira, dio alfabetatu gabekoen kopurua eta euskal elebakarrena oso antzerakoak direla, eskolara joaten zirenek gazteleraz ikasten zutelako.
1876ra arteko, Foruak abolitu ziren urtera arteko egoera landu du Juan Madariagak liburuan, orduan hasten delako egoera linguistikoa goitik behera aldatzen: "Erakundeak aldatzen dira, gizartea ere bai. Industrializazioa ere orduan hasten da, mugimendu migratorioak daude… Eta mutilek, soldaduskara joan behar dutenez, gaztelera ikasten dute".
Madariagak adierazi du gustura egin duela liburua: "Erretiratuta nagoen arren asko gozatzen dut horrelako gaiekin. Eta aurretik nolabait ere jorratuta neukanez, ez naiz zerotik hasi". Kaleratu berri duen liburuan bergara Udal Liburutegian erosi ahalko da.
Hirugarren lana, martxan
Gaur arratsaldeko aurkezpenean parte hartu du baita ere Bergarako Udaleko Euskara zinegotzi Eider Usobiagak, eta esan du gako interesgarriak ematen dituela Madariagaren lanak: "Gaur egun ez dut uste inork ere imajinatzen duenik orduko testuingurua, zeinetan bergarar gehienak euskaldun elebakarrak ziren”.
Gaur aurkeztutako liburuaren eta ekimen beraren baitan 2023an Idoia Etxeberriak kaleratutako Izotz ondoko eguzki. Euskararen historia soziala (1940-1980) liburuaren ostean, hirugarren lan bat ere martxan dela gogoratu du Uribesalgok: Gidor Bilbao Telletxeak gidatuta Josu Alonso Oregi lantzen ari den Euskararen Historia Soziala Bergaran 1876tik 1940ra: Lehen hurbilpena proiektua, hain zuzen ere. Maria Oinaguren bekaren laguntzarekin ari dira egiten hori.