Gaur arratsaldean Oxirondo Azokan aurkeztu dute Bergarako Elikadura Mahaiak otsailetik martxora bitartean egingo duen Ekoizpen duina, kontsumo herrikoia heziketa programa. Ekimenaren helburua da herri mailako loturak indartuz, agroekologia eta elikadura burujabetzaren sentsibilizaziorako aukera bermatzea herritarrei.
Hain zuzen ere, nekazaritza sektoreko alor ezberdinak landuko dituzte saioetan zehar, eta ekimenaren helburua "herriko gazteek tokiko ekoizleak ezagutzea" dela adierazi du Ainhoa Letek, Bergarako alkateordeak: "Ikasleek elikagaiaren zikloa, ekoizleen lana eta agroekologiaren balioa ezagutuko dute azokan edota Ziarreta baserrian egingo diren saio praktikoen bitartez".
Heziketa programako saioei dagokienez, maila desberdinetako ikasleentzako hiru jarduera desberdin antolatu dituzte: hain zuzen, Oxirondo azokan egingo diren LH 3.mailako ikasleentzako saioak, DBH 3.mailako ikasleek Murinondo auzoko baserrira egingo dituzten bisita saioak, eta DBH 3 eta 4.mailako ikasleek ikasbidairako egingo dituzten bertako produktuez osatutako otarrak. Landutako edukiak Biolur elkartearen material didaktikoan oinarrituko dira, eta, bertan parte hartu duten Debagoieneko zortzi ekoizle arituko dira hezitzaile lanetan.