Ernaiko bozeramaileek azpimarratu zutenez, abenduaren 6an Euskal Herriak ez du ezer ospatzeko: "Abenduaren 6an, duela 47 urte, Espainiar konstituzioa Madrilgo gorteetan onartua izan zen. Euskal Herriak gaur ez du ezer ospatzeko, duela 47 urte herri honek egin zuen bezala, gazteok ez dugu Espainiar konstituzioa onartzen. Guretzat gaurkoa borroka eta intsumisio eguna da. Independentzia aldarrikatzeko eguna. Izan ere independentzia da Euskal Herriaren askatasunaren giltza.
Duela lau hamarkada burututako erreferendumean, Euskal Herrian konstituzioa ezeztatu zen. Herri honek konstituzioak suposatzen zuen iruzurra ulertu zuen eta gai izan zen diktadura faxistaren zuritze operazioa antzemateko eta horri planto egiteko. Atado y bien atado dio diktadorearen esaldia famatuak, konstituzioaren sintesi ezin hobea, alegia. Diktadurak Euskal Herrian errepresioa, ukazioa eta zapalkuntza betikotu eta normalizatu zituen. Hori ez zen kasualitatez gertatu, frankismoak ondo baitzekien, kultura, hizkuntza eta borondate politiko propioa duen nazio bat existitzen dela. Eta bere esku izan zituen tresna guztiak erabili zituen horiek ezabatzeko".
Azken hilabeteetako mobilizazioen testuingurua
Honako hau ere gaineratu zuten atzoko agerraldian Ernaiko Amets Arexolaleibak eta Liher Egurenek: "Konstituzioa eta egungo espainiar estatuaren hezurdura osoa premisa antidemokratiko baten egituratua izan da. Horregatik, espainiar estatuaren oinarriak kolokan jartzen dituzten aldaketa demokratizatzaileak mahai gainean jartzerakoan, horren aurka altxatzen den erreakzioa izugarrizkoa da. Hain zuzen ere, horri erantzuten diote azkenengo hilabeteetako mobilizazioek. Horren aurrean Euskal Herriak ez du atzerapausorik eman. Alta, oldarraldi erreakzionarioaren aurrean ofentsiban kokatu gara. Espainar faxismoaren aurrean, askatasun haizea izan gara. Txiki eta Otaegi oroituz, Euskal Herrian faxismoak leku txikiena ere ez duela argi utzi dugu. Feminismoaren aurkako erreakzioari, Gazte Feministen Baterajotzean, Euskal Herriko ehunka Gazte Feministak batera joaz erantzun dugu. Eta nazioarte erreakzionarioa eta sionismoaren aurrean: Palestinaren aldeko elkartasun uholdeak izan ditugu egindako ehunka mobilizazioetan, lan-uzte orokorrean zein San Mamesen Euskal Selekzioa eta Palestinaren arteko partidan. Azken honetan mundu mailako erakusleiho izan gara, gure herria, herri zapaldua dela eta Palestinar herriak bezala aske izateko eskubidea duen herria garela adieraziz.
Datozen ekintzak: ikasle greba, Bilboko manifestazioa...
Aurrera begira jarrita, hezkuntza euskaldunaren alde ikasle greba egingo dute abenduaren 11n: "Gutxieneko soldata gutxieneko pentsioarekin berdintzeko mobilizatuko gara abenduaren 13an Bergarako Pentsiodunekin, urtero bezala, Euskal Preso, Iheslari eta Deportatu Politikoen etxeratzearen alde, gehiago luzatu ez dadin, Bilboko kaleak hartuko ditugu urtarrilaren 11an eta urteroko hitzordua apirilaren 2tik 5era Abadiñon izango gara gazte topagunean. Ekin eta bultza lortuko dugu denok batera!".
Horrez gain, Debagoieneko gazteek bi aukeren artean aukeratu beharko dutela esan zuten: "Euskal Herria kontzientzia politiko eta sozial propioa duen herria da. Euskal Herrian baditugu, munduko beste edozein txokotan aurkituko ez ditugun beste baldintza batzuk. Horrexegatik, Debagoieneko gazteok une honetan bi aukeren aurrean aurkitzen gara: independentzia eta gazteon bizitza duinak bermatuko dituen estatua eraiki ala kontrara, espainolismoa eta espainiar elite ekonomiko eta politikoen interesen alde lerratu eta horrela gazteok bizi dugun krisi egoera betikotu. Independentzia ala espainolismoaren aurrean, gure hautua argia da: independentzia! Independentziaren eskutik soilik iritsiko da herri honen askatasuna. Beraz, ekin diezaiogun gazteon bizitza duinak bermatuko dituen Euskal Herri askea eraikitzeari! Gazteok independentzia!
Gora Euskal Herria askatuta!".