Kanpainak "herrian merkatarien arteko elkarlana sustatzea" du helburu, eta, Gabonetarako antolatutako ekimenei dagokienez, iaz lehenengoz abian jarri zuten letren lehiaketa izango da kanpainako plater nagusia. Gabonetarako antolatu dituzten ekintzen bitartez, herriko komertzio txikiek "kaleak bizirik mantentzeko betetzen duten funtzio esanguratsua" nabarmendu nahi dutela adierazi du Maite Usabiagak, Bergarako Udaleko zinegotziak: "Herrian topatu ditzakegu kalitatezko produktuak, eta gertuko eta konfiantzazko merkataritza eredua eskaintzen digute handiagoak diren merkatu ereduen aurrean".
Hainbat urtez egin izan zen erakusleihoen Gabonetako lehiaketa Bergaran, eta, parte hartzea jaitsi egin zela eta, Bedelkarrek erabaki zuen lehiaketari "buelta bat" eman behar zitzaiola. Hala, joan den urtean martxan jarri zuten letren lehiaketa. Eta Jone Albeniz Bedelkarreko kideak azaldu duenez, ekimenak iaz izan zuen parte hartze ona ikusita, aurten ere lehiaketa martxan jartzea erabaki dute: "Joan den urtean partaidetza handia egon zen eta jendeari asko gustatu zitzaion ekimena; dinamika polita sortu zen herrian".
Hamaika hizki
Aurten lehiaketa abenduaren 10etik 29ra bitartean egingo da, eta parte hartzaile bakoitzak Zuri esker ga esaldia osatzen duten hamaika letrak bilatu beharko ditu Bergarako dendetako erakusleihoetan. Behin esaldia osatuta, letren argazkiak Bedelkarreko telefono-zenbakira (616 72 75 92) bidali beharko dira Whatsapp bidez, eta esaldia osatu dutenen artean 100 euroko bost sari zozketatuko dituzte abenduaren 30ean.
Abenduaren 9tik urtarrilaren 5era bitartean 3.000 euro zozketatuko dituzte, 38 saritan
Aurten ere Beart Arte Elkarteko Eskolako 6tik 13urtera bitarteko umeek diseinatu dituzte hizkiak. "Zapatu goizetan egiten ditugun ikastaroko umeen artean banatu genituen hamaika hizkiak, eta bakoitzak teknika eta estilo librean egin du bere hizkia", azaldu du Mikel Aginagalde Bearteko irakasleak. Umeentzako "proiektu polita" izan dela azaldu du Aginagaldek; eskolako ikasleek aukera izan dutelako teknika desberdinekin hizkiak askatasunarekin lantzeko, eta, era berean, haien lanak herrian zehar erakutsiko direlako.
Beste hainbat ekintza
Letren lehiaketaz gain, "Bergarako kaleak alaitzeko" beste hainbat ekintza egingo dira Gabonetako kanpainaren baitan: hain zuzen, hilaren 23an eta 26an kaleetan jarriko den giro musika eta txu-txu trena, abenduaren 9tik urtarrilaren 5era bitartean Gabonetako zozketa –3.000 euro banatuko dira, 38 saritan– eta Bedelkarreko muralaren argazkia eta sare sozialetara igotzen dutenen artean zozketatuko den 100 euroko erosketa txartel bat.