EH Bilduko bozeramaile Maite Usabiagaren arabera, etorkizunerako "aukera berriak" eskainiko ditu eraikin bereziak: "Errotalde eraikinaz gain beste aktibo batzuk ere badaude; lorategia, kasu. Orain hasi beharko gara aztertzen ze aukera eskaini ahal dituen".
EAJko Mikel Letek gogora ekarri zuen Murua Balzola fundazioari esker urte luzez udal liburutegia bertan egon ahal izan dela, Santa Ana parkearekin batera: "Akordioarekin behingoz lortu dugu jauregia, ermita eta bere ingurua Udalarena izatea. Urte askotako lana dago atzetik eta azkenean gauzatu da; positiboa da. Orain, herri bezala, bertan ze proiektu garatu nahi dugun erabaki beharko dugu", gaineratu zuen.
"Akats tekniko bat" Udaleko lanpostuen puntuan
Bestalde, Bergarako Udaleko lanpostuen balorazioa, organigrama eta egitekoen deskribapen fitxak zein lanpostuen zerrenda onartzekoak baziren ere, kalkulu-akats batek eraginda ez zen gaia landu, eta hurrengo bilkuran landuko dute. Halaxe azaldu zuen gertatutakoa Usabiagak: "Konturatu gara akats bat dagoela Udaleko lanpostuen balorazioa egiterako orduan. Hori zuzendu beharra dago eta, osoko bilkurara ekartzeko, berriz ere pasatu behar da negoziazio mahaitik".
Hiru mozio ere onartu ziren
Indarkeria matxista salatzeko eta Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltako Eudelen adierazpenak aho batez onartu zituzten; aldiz, Israelgo estatuarekin harreman ekonomiko eta komertzial oro etetea eskatzen zuen alkatetzatik igorritako mozioaren aurrean abstenitu egin zen EAJ. "Israelen politika genozidak gaitzesten ditugula argi geratzea nahi dugu. Hala ere, Israelen antzerako politikekin diharduten beste adibide batzuk baditugu munduan; adibidez, Errusia Ukrainarekin egiten ari dena, edo Maroko Sahararekin. Puntu horretan ados geunden, baina beste puntu batzuetan, desadostasunak baino gehiago, lege aldetik beste ertz batzuk ikusi ditugu oso kontuan hartu beharrekoak. Horrez gain, bereiztea nahi izan ditugu estatu batek daraman politika eta estatu horretako herritarren nahia", adierazi du Letek.
Bestalde, Usabiagak dio Israelekin harreman ekonomikoak etetea eraginkorra izan daitekeela: "Mundu mailan konprobatu da Israelekin harreman ekonomikoak eteteak badituela ondorio batzuk, eta presio tresna esanguratsu bat dela. Konpromisoetako bat da Udalaren kontratazioetan klausula etiko bat zehaztea, eta horrela bermatuko dugu lizitatzaileek giza eskubideak errespetatzen dituztela".
Onartu zen beste konpromisoetako bat izan zen Bergarako Udalak ez duela parte hartuko Israelgo Gobernuaren jarduna edota genozidioa ahalbidetzen duten politikak legitimatzen dituen edozein erakundek parte hartzen duten ekitaldietan, kiroleko, kulturako edo bestelako izaera duten ekintzak izanda.