Beart elkarteak Xabier Azkarate omendu du azoka osteko bazkarian

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko azaroaren 25a

Beart Egunak urteroko osagaiak izan ditu aurten ere: goizean azoka eta ondoren lagunarteko bazkaria omenaldi eta guzti. Azoka oso ondo joan dela esan du elkarteko presidente Xabier Agirrek. Omenaldian, berriz, hunkitu egin da ekainera arte Bergarako kultura teknikari lanetan aritu den Xabier Azkarate. Pintura elkarteko kideen omenaldia jaso du.

Eguraldi txarraren beldur, udaletxeko arkupeetan egin dute Beart azoka gaur goizean. Erakusketarako ohiko burnizko panelak eta hamar erakusketa-mahai jarri dituzte. Jendea hurbildu egin da eta Beart elkarteko kideek azaldu dute salmentak ondo joan direla. Ohikoa baino prezio txikiagoan jartzen dituzte margolanak azokan, eta publikoak oso ondo erantzuten duela esan dute margolariek. 

Azokaren helburu nagusia, ordea, herrian dauden margolariei eta horiek egiten duten lanari ikusgarritasuna ematea da. Bergarako eragile garrantzitsua da Beart eta pinturak tradizio handia du herrian. "Gure eskolatik makina jende pasatzen da egunero. Mugimendu handia dago: astelehenetik zapatura, gainera", esan du elkarteko presidente Xabier Agirrek.

Omenaldia Xabier Azkarateri 

Azokako lanak amaitu eta material guztia batu ostean bazkaltzeko elkartu dira elkarteko hainbat kide. Agorrosingo tabernan egin dute bazkaria eta aukera baliatu dute Xabier Azkarate omentzeko. Ekainean hartu zuen erretiroa eta urte hauetan guztietan egindako lana aitortu nahi izan dute Beart elkartekoek. "Aroztegi aretoa dela-eta izan dugu guk tratua Xabier Azkaraterekin. Beti arduratu da margolarien beharrak zein diren entzun eta horiei ahalik eta irtenbide edo soluzio txukunena ematen. Beti eman digu tratu ona eta hori oso eskertzekoa da. Aroztegi, gainera, areto handia da eta mugimendu handikoa", esan du Xabier Agirrek.

Asko eskertu du jasotako aitortza Azkaratek. "Nire onena ematen saiatu naiz berriz eta asko ikasi dut bidean. Artistek asko eskertzen dute entzutea, dituzten premiei adi egotea eta ahal dela konponbideak ematea. Batez ere artista gazteek edo hasi berriek asko eskertzen dute. Bai, oso gustura egin dut lan artistekin", esan du Xabier Azkaratek.

Agirrek egindako margolan bat eta bazkaltzeko elkartu diren margolarien txalo zaparrada jaso ditu Xabier Azkaratek. 

Erlazionatuak

Beart Eguna argazkitan

Larraitz Zeberio Lekuona aza 23 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak