Ikasturte berria inauguratu du UNED-Bergarak, 50. urteurrenarekin batera

Eneko Azurmendi Barrena 2025eko azaroaren 15a

Lehen aldiz, argazkia atera dute diploma jaso duten ikasleek eta agintariek.

2025-2026 ikasturteko irekiera ekitaldi akademikoa egin du unibertsitateak, diploma banaketarekin batera, Bergarako udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Era berean, mende erdia ospatuko du 2026an.

Lehen aldiz, irekiera ekitaldia hasi aurretik, argazkia atera dute diploma jaso duten ikasleek eta agintariek. Ondoren hasi dute saioa, eta honako hauek hartu dute parte: Iñaki Esparza UNEDeko zuzendaria; Juan Manuel Lacruz UNEDeko Akademi Antolakuntzako errektoreordea; Gorka Artola Bergarako alkatea; Irune Berasaluze, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantzako diputatua; eta Juanjo Alvarez katedraduna. Inaugurazioko ikasgaia, aldiz, Ixusko Ordeñana EHUko Zuzenbide Prozesaleko irakasleak eman du.

Ikasketak amaitu dituzten 85 egresatuetako batzuk eta ikasleen senideak izan dira ekitaldian, diplomak eta graduazio bandak banan-banan jasotzen. Esparzak adierazi duenez, urtero, batez beste, 70 egresatuk amaitzen dituzte ikasketak UNED-Bergaran  (graduak, masterrak, diplomak…). "Oso kopuru esanguratsua da, eta Gipuzkoako unibertsitate zentroak eskaintzen duen metodoaren arrakasta azalerazten du; ikasketa plan indibidualizatua eskainiz, hainbat profil eta motibazio dituzten ikasleen denbora eta egoeretara egokituta. Langabetuak, lanean ari diren langileak, askotariko betebeharrak dituzten gizon-emakumeak, erretiratuak, birziklatu nahi duten profesionalak...Denetariko ikasleak ditugu".

Hainbatek hartu dute berba

Aurten, Ixusko Ordeñana EHUko Zuzenbide Prozesaleko irakasleak eman du inaugurazioko ikasgaia, ¿Peras al olmo? O sobre la eficiencia de la justicia en el marco del Derecho jurisdiccional diversificado izeneko hitzaldiarekin.

Berasaluzek, Aldundiko Gobernantzako diputatuak, nabarmendu du Bergara beti izan dela jakintzaren eta hezkuntzaren erreferente. "UNED-Bergarak historia bizirik mantentzen du, aukera berriak sortuz. UNED-Bergara gure lurraldeko ehun akademiko eta sozialaren gune nagusienetako bat da".

Gorka Artola alkateak, bestalde, unibertsitatearen ezohikotasunari eman dio balioa. "Gizarteak digitalizazioa, globalizazioa eta ikaskuntza etengabea erronka berri gisa dituen honetan, UNEDek eskaintzen duen hezkuntza malgua eta eskuragarria ez da ohikoa, inoiz baino beharrezkoagoa izan arren".

1.400 matrikula baino gehiago

2025-2026 ikasturtean, 1.400 matrikulatutik gora ditu UNEDek, aurreko ikasturteetako mugak gaindituz. "Gainera, zorioneko dago zentroa, 2026an zehar bere 50. urteurrena ospatuko baitu", gaineratu du errektoreordeak.

Prestakuntza beharretara "etengabe" egokituz, berritasunak aurkeztu ditu goi mailako hezkuntzaren eskaintzan: bi gradu bikoitz berri: Zientzia Politikoa eta Soziologia eta Zuzenbidea eta Gizarte Lana. "Biak ere ikuspegi oso praktikoekin etorkizun sozial eta ekonomikorako funtsezkoak diren arloetan".

UNEDek "eskaintza akademiko zabala" bermatzen duela nabarmendu dute, Europako Goi Mailako Hezkuntza Esparruko ikasketa ofizialen ezagutzaren arlo guztietan: 30 gradu (gutxieneko notarik gabe), gradu konbinatuak, 75 unibertsitate master, 21 doktorego programa, mikrograduak eta abar. "25 eta 45 urtetik gorakoentzako unibertsitatera sartzeko ikastaroa ere eskaintzen dugu. Bide horretatik, pertsona askok arrakastaz hasi eta bukatu dute haien unibertsitate prestakuntza, eta horrek aukera profesional handiak ireki dizkie".

Bergarako Musika Eskolakoak

Ekitaldia amaitzeko, Bergarako Musika Eskolako ikasleek hainbat pieza jo zituzten. Hona hemen horietako bat:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak