Kirolean euskararen erabilera indartzeko hitzarmena sinatuta

Goiatz Arana Begiristain 2025eko azaroaren 13a

Sinatzaileak, Bergara Kirol Elkartearen bulegoan, sinaduraren unean.

Bergarako Udalak, Bergarako Kirol Elkarteak eta Goienak sinatu dute eta euskararen erabilera eguneroko kirol-dinamikan txertatzea helburu duen programa abiarazi dute. Hitzez jolastu ekintzaren barruan egindako elkarrizketak argitaratuko ditu Goienak.

Bergarako Udalak eta Bergara Kirol Elkarteak kirolean euskararen erabilera indartzeko programa abiarazi dute, eta hitzarmen bat sinatu dute helburua aurrera eramateko bidelagun izango duten Goiena kooperatibarekin batera; hiru erakundeek bat egiten dute euskara sustatzeko eta hizkuntza-ohituretan eta portaeretan eragiteko erronkekin.

Haurrak eta gazteak euskaraz erraz eta eroso aritu daitezen, ezinbestekotzat jotzen dute eskolaz kanpo euskara erabiltzeko aukera izatea, eta diote kirolean euskaraz aritzea eta euskarazko hedabideak ikustea –kasu honetan, Goiena komunikazio taldearenak– lagungarri direla horretarako. "Azken batean, bada modu bat gaztetxoek ikusteko euskara hizkuntza bizia, egunerokoa eta benetakoa dela, eta Goienak lagundu egingo du horretan", adierazi du Monika Belastegik, Goiena kooperatibako lehendakariak.

Hitzez jolastu

Udalak eta kirol elkarteko futbol sailak egitasmo bat jarri dute martxan, futbol taldeetako haur eta nerabeen euskararen erabilera sustatzeko denboraldi honetan eta hurrengoan. Hitzez jolastu ekintza da egitasmoaren ataletako bat, eta, horren bitartez, kirolariei elkarrizketak egingo dizkiete partiduak amaitzerakoan: neurketen nondik norakoak kontatuko dituzte, euskaraz eta hizkuntza espezifikoa eta teknikoa erabilita. Grabaketa horiek sare sozialen eta tokiko hedabideen bidez zabalduko dira ondoren; Goienak www.goiena.eus atarian argitaratuko ditu, hilabete honetan bertan hasi eta maiatz amaierara arte, "esperientzia komunitatean zabaldu eta sentsibilizazioa indartze aldera".

11-12 URTE BITARTEKO 78 NESKA-MUTIKOK HARTUKO DUTE PARTE PROGRAMAN

Erabilera apaltzen

Bergarako Udalak 2023an, agintaldi plana diseinatzerakoan, zehaztu zuen kirolean euskara sustatzeko helburua, eta hortik sortu zen programa hori; Ebete hizkuntza-zerbitzuarekin elkarlanean martxan jarritakoa, hain zuzen. "Talde batzuetan euskararen erabilera –batez ere, ahozkoa– apaltzen zebilela antzeman genuen, eta, horren aurrean, programa hori txertatu dugu euskararen presentzia sendotzeko", adierazi du Udaleko Euskara zinegotzi Eider Usobiagak.

Bergara Kirol Elkartea izango da gisa horretako programa batean parte hartzen lehena Gipuzkoan: "Urteak daramatzagu Bergarako Udalarekin batera askotariko programak aurrera eramaten, gazteen artean aisialdiko ekintzak erreferente direla ikusirik. Eta egitasmo horren berri izaterakoan ere aurrera egitea erabaki genuen, herriko talde garrantzitsuenetako bat izanik daukagun erantzukizun sozialari erantzunez. Programa berritzailea da, gainera, lehenak gara lurraldean, eta gogotsu gaude zer emango duen ikusteko. Ea gure neska-mutilek erantzuten duten eta herriko gainontzekoengan ere eragina izaten duen", adierazi du kirol elkarteko lehendakari Iosu Elorzak.

78 haurrek hartuko dute parte

Futboleko lau taldek parte hartuko dute ekimenean: Infantil neskak F8, Infantil mutilak 1 B, Infantil mutilak handi eta Infantil mutilak txiki. 11-12 urte bitarteko 78 neska-mutiko izango dira, orotara. Unai Agirrebeña da talde horietako bateko entrenatzailea, eta "ondo" doazela azaldu du, orain artekoari buruz hitz egiterakoan: "Jarraibide batzuk jaso ditugu neska-mutilekin futbolean euskaraz errazago egiteko. Izan ere, tentsio uneetan, batez ere, erdararako joera izaten dugu, eta hori aldatzen saiatu behar dugu. Ikasitakoak praktikan jartzen hasi gara, eta ondo goaz, momentuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak