Osakidetzak jakinarazi duenez, Bergarako anbulatorioa eraberritzeko lanak ez dira 2026. urtea hasi baino lehen hasiko: "Obraren hasiera data ofizialik ez badago ere, aurreikuspena da 2026ko lehen seihilekoan ekitea obrei. Eta, konplikaziorik ezean, obra osoak 28 hilabete irautea aurreikusten da". Osakidetzak Altuna Y Uria enpresari esleitu zion obra 2025eko ekainaren 18an eta exekuzio kontratuaren aurrekontua da 6.538.240 eurokoa (BEZ gabe).
Obra Altuna Y Uria enpresari esleitu dio Osakidetzak; aurrekontua da 6.538.240 eurokoa
Barrutik eta kanpotik berritu
Proiektu honekin Bergarako osasun-zentroa guztiz eraberritu nahi du Osakidetzak. Honako lan hauek aurreikusten ditu proiektuak: egituraren kontserbaziorako askotariko lanak egitea; estalkia berritzea; barruko tabike guztiak eraistea; fatxada guztia birgaiztea; eta instalazioen berritze orokorra. Proiektuak jasotzen duenez, eraikina eraberritu ondoren beheko solairuan 14 kontsulta egongo lirateke –gaur 12 kontsulta daude funtzionamenduan– eta horrez gain, beheko solairuan egongo dira kokatuta, besteak beste, administrazio eremua, emakumeei arreta berezia emateko eremua, pediatria, errehabilitazioa, Etengabeko Arreta Gunea (EAG edo PAC), erizaintzarako eremua –erauzketak eta sendaketa arinak– eta modu independentean funtzionatuko duten bi kontsulta –COVID eremu gisa definitu du Osakidetzak–.
Gainera, etorkizuneko lehen solairuan 28 kontsulta aurreikusten dira; gaur egun 18 kontsulta daude. Lehen solairu horretan egongo lirateke, hain zuzen ere, erizainen eta familia-medikuen kontsulta guztiak, ospitalez kanpoko bestelako arretarako kontsultak eta Osakidetzako langileendako eremua –bilera gela, bulegoa eta aldagelak, besteak beste–.
Bestalde, osasun etxearen albo bateko aparkaleku ondoan dagoen Iberdrolako azpiestazio elektrikoko transformadorea irail hasieran kendu bazuten ere, azpiegitura guztiz kentzea Iberdrolari dagokio. Behin kenduta eremu horri ze erabilera eman zehazteke dago oraindik. Bergarako Udaletik ziurtatu dutenez, ordezko azpiestazioa, Txara baserriaren ondoan kokatua dagoena, martxan dago.
Jarduera bertan mantentzea
Anbulatorioa berritzeko lanak bi urte eta lau hilabeteko exekuzio-epea izango dute, eta obrek iraun bitartean osasun zerbitzuaren jardueraren zati handi bat gaur egungo eraikinean mantendu nahi dute.

Horregatik erabaki dute lanak faseka egitea; hori posible izan dadin, Ibargarai kalean kokatuta dagoen Miguel Altunako – Elementala moduan ezaguna zena– eraikinera bideratuko dira zerbitzu batzuk aldi baterako. Hain justu, errehabilitaziorako zerbitzuak, lehen mailako fisioterapia arreta-zerbitzua eta emakumeei zuzendutako arreta Miguel Altuna zaharrean egongo dira obra amaitu arte. Osakidetzatik jakinarazi dutenez, Miguel Altuna zaharreko espazioa aurtengo azaroan zehar egokituko dute eta egokitzapen lan horiek hiru hilabete iraungo dute, "gutxi gorabehera".
Miguel Altuna zaharra egokitzeko lanek hiru hilabete iraungo dute, "gutxi gorabehera"
Miguel Altuna: ondoren, zer?
Miguel Altuna zaharrari etorkizunean ze erabilera emango zaion ez dago ofizialki erabakita. Bergarako EH Bilduk, 2023ko udal hauteskundeen kanpainan, adierazi zuen Miguel Altuna zaharra bergararren esku uztea nahiko lukeela. Bergarako EAJk, bestalde, 2023ko hauteskunde programaren erdian kokatu zuen gaietako bat izan zen Elementala kulturara bideratzea; herriko erdigunean dagoen eta azken urteetan hutsik egon den eraikina Bergarako kultura taldeentzat –zehazki, arte eszenikoak lantzen dituzten taldeentzat– bideratzeko proiektua prestatu zuten jeltzaleek.