Irudi berria du Bergarako musika eta dantza eskolak

Oihana Elorza Gorostiza 2025eko azaroaren 8a

Amaia Zaitegi irudiaren egilea lana nola egin duen azaltzen.

Amaia Zaitegiren da eta musika eta dantza eskolak dituen askotariko erabiltzaileak eta bertan lantzen eta jotzen diren musika, dantza eta instrumentu ezberdinak islatu nahi izan ditu, erritmoaren bueltan denak.

Bergarako seminarixoan egin zuten irudi berriaren aurkezpena atzo iluntzean. Bergarako musika eta dantza eskolaren baloreak batetik, eta bertarako erabiltzaile ezberdinak zein dantza tradizionala edo musika mota eta instrumentu ezberdinak barnebiltzen dituen irudia egiten saiatu dela adierazi du sortzaileak, Amaia Zatiegik. Irudia bera, Bergarako musika eta dantza eskolaren akronimoa eta 'Sortu zure erritmoa' esaldia ditu iruditegi berriak. "Erritmoa da musikak, dantzak zein eskolako erabiltzaileek amankomunean duten ezaugarria, eta horren bueltan sortu dut irudia".

Kolore asko ditu, denak baina tonu berdinekoak eta zuri beltzean erabiltzeko moduko eredua ere prestatu du. "Euskarri ezberdinetan erabiltzeko moduan egin dut irudia: akronimoak "Bergarako musika eta dantza eskola" izen luzea du borobilean inguratzen; koloreak, adibidez, eskolak duen eskaintza azaltzeko erabil daiteke eta oinarrizkoa, merchandaising-erako izan daiteke, kamisetetarako kasu".

Musika eta dantza eskolako zuzendari Aritz Alustizak eskerrak eman dizkio egindako lanagatik –urtebete ingurukoa– eta irudia eskolaren garapenaren irudia dela esan: "Egunerokotasunera egokitzen jakin du eskolak eta hau horren jarraipena da". Eskerrak eman die eskolaren bueltako komunitate osoari, Udalari eta herriari eta eraikina musikaz eta dantzaz betetzen jarraitu nahi dutela esan "eraikina zaharkituta" dagoela gogoraraziz. Dituen erronka nagusien artean, "musika eta dantza guztion eskura" egotea dela esan du Alustizak: "Hori da gure etorkizuneko helbururik handiena. Etorkizun labur baten bergarar guztiek izatea aukera musika zein dantza ikasteko".

Musika eskola ikasle batzuk zuzenean jo dute aurkezpen ekitaldian eta dantza egin beste batzuk; 40 urte bete dituen eskolaren historia ere kontatu dute beste hiru ikaslek, umorez. Eskolako erabiltzaileak eta beste hainbat herritar egon dira aurkezpenean. Baita udal ordezkariak ere. Ekitaldian egoteko gonbidapena eskertu du kultura batzordeburu Maite Usabiagak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak