Etxeko laugarren jaialdirako gertu daude boxeolari bergararrak

Xabier Urtzelai 2025eko azaroaren 7a

Julen Etxabarrirendako eta Oier Muñozendako debut eguna izango da biharkoa (18:00, Bergarako Udal pilotalekua). Andoni Kortabarriak dagoeneko esperientzia handia du ring barruan, baina azken borrokaldiko arantza atera nahi du.

Zapatukoa Soraboxeko lagunek Bergaran antolatzen duten laugarren boxeo jaialdia izango da (18:00, Bergarako Udal pilotalekua). "Baina oraingoa berezia izango da, borrokaldi guztietan izango ditugu klubeko ordezkariak, eta gogoz antolatzen gabiltzan hitzordua da. Hala, Soraboxeko boxeolariak Euskal Herri osotik etorriko diren boxeolarien kontra lehiatuko dira", dio Ixa Rodriguez entrenatzaileak. Lanak dagoeneko aurreratuta dituzte, eta beste edizioetan gertatu moduan, harmailak betetzea espero dute. "Zentzu horretan, azkeneko jaialdia Labegaraietako kiroldegian egin genuen, eta orain pilotalekura bueltatuko gara berriro. Zalantza barik, pilotalekua leku egokiagoa da, kokapenagatik, batetik, eta baita beste xarma bat daukalako ere". Hala, sarrerak aurrez eros daitezke (18 euro) pilotalekuko tabernan, Harry`s Burgerren, Beleko tabernan edota 676 866 922 telefono zenbakian. Eta, egunean bertan 20 eurotan egongo dira salgai leihatilan.

Etxeko hiru ordezkari

Biharko jaialdian guztira bederatzi borrokaldi egingo dituzte, eta horietako hirutan Bergarako boxeolariak izango dira protagonista: Andoni Kortabarriarendako (Bergara, 1996) neurri batean errebantxa eguna izango da, ez aurrean izango duen boxeolariarekin zorretan dagoelako, baina bai azken borrokaldiko arantza atera nahi duelako. "Zapatukoa 2025ean egingo dudan bigarren borrokaldia izango da, eta apirilean Soraluzen egin nuen hartan galdu egin nuen KO bidez. Banekien aurrean izango nuen tipoa gogorra zela, bera ere azken borrokaldia KO bidez galtzetik zetorren eta motibatuta zegoen. Hala, ondo hasi nintzen, lehenengo bi round-etan gauzak behar den moduan egin nituen, baina halako batean giltzurrunean bete betean eman zidan ukabilkada, eta hortxe amaitu zen niretako borrokaldia. Halakoetan arnas gabe geratzen zara, belauna lurrera bota eta amore eman, kolpea ona izan bada ez dago aurrera egiterik. Aitortuko dizut borrokaldia ondo prestatzeko egindako lanaren ondoren halako porrot batek min egiten duela, amorrua eman zidan. Baina tira, kirol honen parte da. Boxeoa oso kirol noblea da, eta badakizu aurrean daukazun kontrarioak zuk beste entrenatu duela. Porrota onartu, irribarre egin, kontrarioa zoriondu, eta etxera. Horregatik, zapatukoa prestatzeko gogor egin dut lan, eta aurreko zapore garratz hori kentzeko gogoz nago".

Jaialdi bezperan, ebakuntza

Bergaran iaz antolatu zuten azkeneko jaialdian Korta-k ezin izan zuen esku hartu. Birritan lehiatu da Bergarako zaleen aurrean, baina iaz jaialdiaren bezperan ebakuntza bat egin behar izan zioten, eta gogoz amorratzen geratu zen. Hala, biharko pisuari dagokionez etxerako lanak ondo egin ditu dagoeneko 20 borrokalditik gora egin dituen lagunak. "75 kiloz azpiko kategorian lehiatzen naiz, eta normalean 85 kilo inguru izaten ditut, horrenbestez, hor lan egin behar izaten dut. Baina azken aste hauek ez zaizkit bereziki zentzu horretan gogorrak egin, pisuz ondo dabil eta egun hauetan ez dut aparteko estresik izango". Hala, 22 borrokaldi egin ostean dagoeneko bere burua beterano moduan ikusten badu ere, Kortak aitortu du ringera igotzeak sortzen duen zirrara hori ez duela galdu, inondik inora. "Ez, gogoak hor jarraitzen du, eta baita borrokaldi baten aurrean izaten diren urduritasunak ere. Normala da, azken batean, ringera bakarrik igotzen zarelako, inoren laguntza barik. Gogo eta urduritasun horiek galtzen ditugun egunean, kirolez aldatzeko momentua izango da".

Urtebete boxeoan

Kortabarriak ring barruan daukan esperientzia falta zaie Oier Muñozi (Bergara, 2010), eta Julen Etxabarri Etxa-ri (Bergara, 2001). Bereziki deigarria da Oier Muñozen kasua, 15 urterekin igoko da eta lehenengoz ring batera. Entrenamendu saioan bistan geratu da gaztea izan arren, aurrean izango duen kontrarioak hobe duela argi ibili. Bergarako gazteak irribarre egin du harmailetan zenbat lagun izango dituen galdetuta, eta aitortu du etxekoren bat edo beste urduri dagoela. "Horixe da esaten didatena, baina tira, ni eguna iristeko gogoz nago". Muñozek 63 kiloz azpiko kategorian hartuko du esku, urtebete baino ez darama boxeoan, eta dagoeneko garbi ditu zeintzuk diren indargunean, eta zer hobetu behar duen. "Uste dut indarra badaukadala, baina abiadura landu behar dut gehiago".

Beste borroka arte batzuetatik

Julen Etxabarri Etxa Oier baino hamar urte nagusiagoa da, baina boxeoan ere urtebete inguru darama. Hori bai, lehenago beste borroka arte batzuk probatu izan ditu. "Valentziara ikastera joan nintzenean Muay Thai egiten hasi nintzen, eta baita grapling apur bat ere. Handik bueltan Durangon hasi nintzen MMA praktikatzen, baina lana eta ikasketak tartekatu behar nituen eta ez nuen denbora askorik, eta ondoren Soraluzera etorri nintzen boxeoa egitera. Hala, urtebete hau oso emankorra izan da, gustura nabil". Hala, Bergararrak aitortu du aste barruan ez dela urduri ibili, baina badakiela zapatuko eguna gerturatzeaz batera hori aldatu egingo dela. "Egindako lana erakustea izango da helburua, daukadan guztia ematea, oso gogor egin dugulako lan. Ea ez garen oso urduri jartzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak