Jardun Euskara Elkarteko ordezkari Nerea Mendizabalek azaldu duenez, ekimenak bi helburu nagusi ditu: "Batetik, euskarazko sortzaileak lagundu, talentua eta ahozkotasuna bultzatzea, eta euren lanak erakusteko plaza eskaintzea. Eta bestetik, ikusleei euskarazko umoreaz eta kulturaz gozatzeko aukera ematea".
Izen-ematea dagoeneko zabalik dago, eta azaroaren 11ra arte luzatuko da. Parte hartu nahi dutenek 2-3 minutuko bideoa bidali beharko dute komunikazioa@algaraka.eus helbidera euren datuekin batera. Aurkeztutakoen artean bost bakarrizketari aukeratuko dira, eta hauek coaching saio pertsonalizatuak jasoko dituzte, jendaurreko emanaldiaren prestaketa artistikoa lantzeko.
Bost amateur eta bi profesional
Abenduaren 19ko gauean, Bergarako Seminarixoko oholtza gainean, bost bakarrizketari amateurrek eta bi profesionalek eskainiko dituzte euren lanak. Ekimena Bergarako Udalaren laguntzarekin egingo da, eta aurten gainera Bedelkar merkatarien elkarteak ere bat egin du proiektuarekin.
Bergarako Kultura zinegotzi Maite Usabiagak azpimarratu du Algaraka ez dela ikuskizun isolatu bat, baizik eta euskararen, sormenaren eta umorearen arteko uztarketa bizia. "Gure hizkuntzak behar ditu horrelako espazioak, eta gure sortzaileek behar dituzte horrelako aukerak" gaineratu du.
Informazio osoa eta oinarriak algaraka.eus web orrian daude eskuragarri.
Goienaren babesa eta zabalkundea
Goiena Komunikazio Taldea proiektuaren antolatzailea da, eta hedapena eta ikusgarritasuna bermatuko ditu. Monika Belastegik, Goienako presidenteak, honakoa nabarmendu du prentsaurrekoan: "Goienarentzat plazer handia da berriro ere Algaraka proiektuan bidelagun izatea. Ez da soilik ekitaldi bat, baizik eta euskaraz sortzen duten pertsonei leiho bat zabaltzen dien ekimena. Horregatik, babestea baino gehiago da guretzat: zabaltzea, oihartzuna ematea eta euskarazko sorkuntza ahots propioz erakustea".
Belastegik gehitu du halako egitasmoek "komunitatea sendotzen dutela, erakutsiz nola egiten diren gauza sendoak elkarlanean, bakoitzak bere ekarpena eginez". Horregatik, Goienak bere komunikazio-plataforma guztiak jarriko ditu Algaraka Bakarrizketa Gauaren zerbitzura, bai tokiko hedabideetan, bai sare sozialen bidez, euskaraz barre egiteko eta pentsarazteko gau berezi hau zabaltzeko.