Bergarak irabazi du Debagoiena Bailararen aurkako derbia (3-0)

Josu Bilbao Atxutegi 2025ko urr. 25a, 14:40

Agorrosinen jokatu dute derbiko hiru puntuak etxean gelditu dira, talde mahoneroa nagusi izan baita berdegunean. Lehen zatian 0-0ekoarekin bukatu ostean, bigarrenean jaun eta jabe izan da Bergara eta Maider Jorgeren eta Intza Goitiren (bi gol) golek erabaki dute neurketa.

Ohorezko Erregional Mailako derbia jokatu dute gaur Bergarak eta Debagoiena Bailara taldeek Agorrosinen, eta hiru puntuak bergararrek eskuratu dituzte. Joko estilo guztiz ezberdina erabiltzen duten bi talde aritu dira nor baino nor gehiago gaurkoan; Bergarak baloiaren kontrola izan du eta konbinazioaren eta baloiaren jabetzaren bidez sortu du arriskua erasoan, eta Debagoien Bailarak joko zuzena erabili du, eta kontraerasoez baliatu da Bergarako atzelarien bizkarrak aprobetxatu nahian, atezaina kinka larrian jartzeko asmoarekin.

Lehenengo zatian Bergara nagusi izan da baloiaren jabetzari dagokionez, baina Debagoiena Bailarak arriskua sortu du kontraerasoekin eta estrategia jokaldietan. Izan ere, lehenengo aukera argia falta jaurtiketa baten ondorioz heldu da partidako 2. minutuan, baina Bergarako atezaina erne egon da, baloia kornerrera desbideratzeko. 

Bergararen arriskurik handiena eskuin hegaletik heldu da, Jone Jauregiren erasoko jokaldiei esker, eta lehenengo gola lortzeko zorian egon da bergararra 22. minutuan. Hala ere, Nora Orobengoa atezainak gelditu ona egin du. 32. minutuan Debagoiena Bailararen bigarren aukera garbia heldu da, berriz ere estrategia jokaldian, baina bisitariek ezin izan dute baloia sarera bidali. Debagoiena Bailara taldeko Uxue Ugalde, bikain aritu da estrategia jokaldietan erdiraketak egiten.

Bigarren zatia hasi bezain laster, Bergarako aurrelari Maider Jorge jokoan sartzen hasi da aurreneko aldiz, lehenengo zatian ondo lotu baitute bisitariek. Horrela, 50. minutuan 1-0ekoa jarri du markagailuan atezaina buruz burukoan erraz gainditu ostean. 57. minutuan beste buruz buruko garbi bat izan du Maider Jorgek, baina oraingoan, Orobengoa bikain aritu da atea defendatzen.

Bigarren zatian zelairatu den kadete mailako Intza Goiti gazteak erabaki du norgehiagoka azken minutuan. 2-0ekoa ezkerrarekin atezaina goitik gaindituz eskuratu du Goitik 81. minutuan, eta 83. minutuan azken 3-0ekoa jarri du markagailuan, area txikiko aldaratze bat ongi aprobetxatuta. Minutu oso onak jokatu ditu Intza Goitik eta neurketa berak lortu dituen bi gol garrantzitsuei esker erabaki du.

Partida aurretik, bi taldeek, Palestinar herriari babesa erakutsi diote talde argazkia aterata.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak