Donostiako Moda Jaialdiaren inaugurazio-desfilea hartu zuen eguaztenean Laboratorium museoak, haren hamargarren urteurrenaren baitan. Bedelkar elkarteko hemeretzi komertziok erakutsi zituzten euren jantziak desfilean, eta halako ekimen batean norbere produktuak erakusteko aukera izatea "izugarria"
izan dela dio Bedelkarreko kide Naiara Alonsok.
Iragana eta oraina, josita
Laboratoriumek hamar urte bete izana aitzakia hartuta, museoko txokoak pasarela bihurtu ziren eguaztenean. Alde horretatik, Laboratoriumeko zuzendari Rosa Errazkinek museoak duen izaera berritzailea nabarmendu du: "Hamar urte hauetan
erakutsi dugu zientzia, artea eta komunitatea elkarrekin bizi daitezkeela; orain, dimentsio berri bat gehitu diogu museoari: moda. Moda zientzia da, eta, Bergararen iragana eta orainaldia josita, etorkizunera begirako erakusleiho bat egin dugu".
Ehungintzak pisu handia izan du historikoki Bergaran, eta Laboratoriumeko desfileak Bergarako ehun-ondarea omentzeko aukera ere eman zuen. Gainera, Donostiako Moda Jaialdiaren zirkuituan sartzea "aukera polita" izan dela dio Errazkinek, "probintzia osora zabaltzeko eta Bergararen ehungintzaren industria gogoratzeko". Hain zuzen ere, Amarenak markak eman zion bukaera desfileari, Tavex-i, Bergarako azken ehun-fabrika historikoari, erreferentzia egiten dion Ber-Gara bildumarekin.
Komertzio txikiari garrantzia
Historiari eta gaurkotasunari egindako keinuaz harago, desfilearen bitartez "Bergarako komertzioetara jendea erakartzea" lortu nahi dutela dio JoKa dendako Ainhoa Garitanok. Hain zuzen ere, komertzio txikiek ematen duten konfiantza nabarmendu du: "Helburua da bezeroa gustura irtetea dendatik, eta, horretarako, konfiantza transmititzen dugu guk. Komertzio handi batek ez dizu hori ematen".