Donostiako Moda Jaialdiaren irekiera desfilea, Bergarako Laboratorium museoan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko urr. 9a, 12:43

Urriaren 22a egun oso berezia izango da Laboratorium museoarentzat, Donostiako Moda Jaialdiaren irekiera desfilea hartuko duelako. Balenciaga eta San Telmo museoekin batera, Laboratoriumek "lekua berezia" izango du aurten modaren eta kulturaren eszenan.

Ekimena gaur aurkeztu dute Donostiako Kursaalen eta bertan izan zen, besteak beste, Gorka Artola alkatea: "Laboratoriumen hamargarren urteurrenarekin bat eginez, moda desfile bat antolatu dugu, gure herriko ehungintza tradizioa, zientziarekiko konpromisoa eta sormenaren indarra uztartuko dituena. Ekitaldi honek gure tokiko proiektuei Bergaratik harago iristeko plataforma bat eskainiko die. Aukera paregabea da". Amarenak markak protagonismoa izango du Ber-Gara bildumarekin eta Bedelkarrek zuzenean hartuko du parte desfilean. 180 lagunendako lekua egongo da eta horietatik 30 plaza utziko dira herritarrentzat; izen-ematea urriaren 14an irekiko dute. 

Amarenak marka desfilean izango da; irudian, Ber-Gara bildumako pieza bat. Argazkia: Laboratorium. 

Balenciaga, San Telmo eta Laboratorium

Laboratorium Museoak urrats esanguratsua emango du urriaren 22an, Donostiako Moda Jaialdiaren inaugurazio-desfilea hartuta. Gipuzkoako museo nagusien artean kokatuta —Balenciaga eta San Telmo museoekin—, Laboratoriumek bere lekua izango du aurten modaren eta kulturaren eszenan, bere 10. urteurrenaren testuinguruan. Urriaren 20tik 26ra bitartean ospatuko den festibalaren edizio honetan, moda, jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra izango dira ardatz. Desfileekin batera, beauty days, mahai-inguruak eta tailer irekiak  ere antolatu dira. 

Laura Chamorro kazetari eta Gipuzkoa de Moda plataformaren zuzendariak gidatzen duen egitarauaren barruan, desfile hau ez da moda ekitaldi soil bat izango. Museoaren espazioak agertoki bihurtuta, Laboratoriumek bere izaera berritzailea erakutsiko du, zientzia, artea, tradizioa eta joera garaikideak uztartzen dituen gizarte-museo gisa. 

Urtemuga berezi honetan, beraz, Bergarako museoak berriro janzten du bere historia, oraingoan modaren bitartez. Festibalaren aurkezpen ofiziala Kursaalen egin da, eta Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Aldundiako, Bergarako Udaleko eta Laboratorium Museoko ordezkariak izan dira bertan, desfilearen garrantzia azpimarratuz. Gorka Artola Bergarako alkateak "ekitaldi honen bidez, Bergara Gipuzkoa mailan kultura eta sormen erreferente gisa" kokatu nahi dutela nabarmendu du aurkezpenean.

Herriko merkataritzak zuzenean hartuko du parte

Desfilean Bedelkar elkarteko 18 merkatarik ere hartuko dute parte,  herriko bizitzaren eta modaren arteko lotura agerian utziz. Parte hartzaileen artean izango dira bitxitegiak, kirol jantzi eta arropa-dendak, optikak eta oinetakoen saltokiak. Ekitaldiak 180 lagunentzako edukiera izango du, eta gonbidatuen artean izango dira merkataritza elkarteko kideak. Horrez gain, 30 plaza libre eskainiko dira herritarrentzat. Lekuak izen-ematearen ordenaren arabera esleituko dira, eta izen-ematea online zabalduko den formulario baten bidez egin ahal izango da urriaren 14tik aurrera eta plazak bete artean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak