XII. Jot Down Zientzia Sariak banatu dituzte Bergaran

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko urr. 4a, 18:22

Jot Down Zientzia Sarien hamabigarren edizioa bi egunez ospatu da Bergaran. Sariak banatzeaz gain, hitzaldiak egin dituzte zientzialariek edota zientzia dibulgatzen duten komunikatzaileek. Aurtengo jardunaldien ardatza Elementu Kritikoak: Wolframetik Lur Arraroetara izan da, eta gai horri lotutakoa izan da lehiaketa ere.

Atzo eta gaur ospatu dituzte Jot Down Zientzia Sariak, eta gaur goizean egin dute sari-banaketa. Wolframaren gaia izan du erdigunean lehiaketak, eta saiakeran, Jose Antonio Buleroren El anodo del mundo izan da irabazlea. "Gezurra dirudi narratiba zientifikoa idazten dudala, eta orain hitzik gabe geratzea. Zer esan dezaket. Esperientzia hau izugarri gustatu zait. Eskerrik asko, Angel, Rosa, Gorka eta ekitaldi hau posible egiten duzuen pertsona eta instituzio guztiei. Bergarako zatitxo bat bihotzean daramat, eta esperientzia ahaztezina izan da ekitaldi hau, sari hauek eta eskerrik asko guztioi", adierazi du saria jaso ostean.

Narratiban, berriz, Alicia Ginerren El codigo W testuak irabazi du. "Niretzat ohorea da Bergaran egotea, historia zientifiko handia duen herri batean, wolframioa aurkitu zuten herrian, eta 2025eko Jot Down sariei esker, berriro itzuli da erreferentziazko leku izatera. Eskerrak eman nahi dizkiet Jot Down zientzia sarien antolatzaileei, eta epaimahaiari egindako aukeraketagatik, eta ilusio handiz jaso dudan aitortza honengatik. Nire familiarekin ere parteaktu nahi dut. Nire aita, ama eta Javi. Eskerrik asko laguntzeagatik. Eta eskerrik asko guztioi. Ezagutza ez da ezagutza bakarrik, zabaldu egin behar da eta zientzia konpromisoa eta pasio partekatua da".

Goi-mailako zientzialarien hitzaldiak

Espainiako zientzia-dibulgatzaile ospetsuek hartu dute parte wolframaren aurkikuntzaren testuingurua eta elementu kritikoen etorkizuneko erronkak uztartuz. "Lehen mailako adituak egon dira: EHUko jendea, Sevillako Unibertsitatekoak, Canfranceko lurrazpiko laborategikoak… Punta-puntako zientzialariak. Zientzia hori dibulgatzeko idazten dutenak ere entzun ditugu, komunikatzaileak. Ez da soilik, ekintza zientifiko bat. Aditu horiek egon dira, eta gero hori komikietan edo liburuetan azaltzeko gai diren idazleak ere etorri dira", adierazi du Laboratorium Museoko zuzendari Rosa Errazkinek.

Laboratorium Museoko zinegotzi Ainhoa Letek adierazi du, halako ekintzak behar-beharrezkoak direla publiko orokorrera heltzeko: "Zientzia badakigu kostatu egiten dela dibulgatzea eta publiko orokorrera iristea. Halako ekimenak oso beharrezkoak dira publiko orokorrarengana heldu eta zientziaren zabalkundea egiteko. Modu batean honek ematen digu aukera Laboratorium Museoa eta Bergara mapan kokatzeko", dio.

Izan ere, aurreko edizioak Sevilla, Donostian edota Jacan ospatu dituzte, eta aurten Laboratorium Museoaren 10. urteurrena aitzakiatzat hartuta, Bergara izan da sarien egoitza nagusia.

Laboratorium estatu mailako zientziaren dibulgazioaren lehiaketa horretan sartu izana luxua da. "Azkenean, Laboratorium ezagutzera emateko aukera paregabea da zientzia dibulgatzeaz gain, eta Bergara ezagunagoa egitea bertako aurkikuntza zientifikoari esker. Bergarara etortzeko aukera proposatu genuen Laboratoriumetik eta nik uste dut gaia wolframioak izan zuen garrantzia erakustea, eta gaur egungo proiektu berritzaileetan oso presente dagoela ikustea baliagarria dela", azpimarratu du Rosa Errazkinek. 

Herrian zehar zientziaren dibulgazioa

Bedelkar merkatarien elkarteak eta ostalarien sareak bat egin du ekimenarekin. Elementu kimikoetan oinarritutako pintxo-pote zientifikoa egin dute eta wolfram goxoa postre berezia eskaini herriko zenbait gozotegitan. Gaur arratsaldean, Bedelkar jaiak borobilduko du asteburuko ekitaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak