Kendutako egunak berreskuratzeko aldarria

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko urr. 3a, 11:40

33 eskola egun gutxiago ditu ikasturte honetan Gipuzkoa Aspaceko ikasleen egutegiak, eta ikasle horien gurasoek egoera salatu eta lehengoratzeko eskatu dute; salatu dute joan den ikasturtean ere garraioan murrizketak izan zituztela.

Gipuzkoa Aspaceko ikasleen gurasoek 2025-2026ko ikasturteko eskola-egutegia murriztu izana salatu dute. Joan den ikasturtera arte 213 egunetan jasotzen zuten zerbitzua, baina orain, 180 egunetan izango dute –33 egun gutxiago–. Irakasleen baldintzak hobetzeko egindako lan-hitzarmen berriaren ondorioz hartutako erabakia da eta Debagoieneko Aspaceren zentroetako 3 eta 20 urte bitarteko hamar ikasleri eragiten dio: zazpi Ber- garako zentrokoak eta hiru Eskoriatzakoak.

Bergarako ikasle horietako baten aita da Iker Muruamendiaraz, eta adierazi du egutegia lehengoratzeko eskatzen dutela Aspaceko ikasleen gurasoek. Nabarmendu du behar bereziak dituzten haurrak direla: "Egutegi berezia kendu digutelako dator gure haserrea. Guk ezin ditugu umeak udalekuetara bidali. Gehienek menpekotasun handia dute, %90ekoa. Botoi gastrikotik jaten dute, postura-aldaketak egin behar zaizkie, arnasketa arazoak dituzte eta fisioterapeuta behar dute... Edozeinek ezin ditu zaindu". Azpimarratu du egutegi hori 20 urtez egon dela martxan eta "bat-batean" kendu dutela: "Atzerapauso horiek ezin dira onartu".

Lehen egunetik aldaketak

Iraileko lehen egunetik antzeman dituzte murrizketaren ondorioak, ikasturtea irailaren 1ean hasi ordez 4an hasi dutelako. Gaine- ra, ordutegi moldaketekin. "Ikasturtea irailaren 4an hasi dute, beste ikasleek bezala. Egun horretan, haurra eskolara eraman eta ordu laurden lehenago jasotzeko eskatu ziguten, aurrez gurekin kontsultatu gabe. Ez dut ulertzen momentuan jakinaraztea. Beti joan izan gara bostetan bila. Antolatu eta gure lan-ordutegiak egokitu behar izaten ditugu", dio.

Garraioan ere murrizketak

Aurreko ikasturte amaieran garraiobide egokitua ekainaren 20an kendu zietela nabarmendu du, eta, horregatik, zenbait ikasle ezin izan zirela zentrora joan. "Bergarara etortzen direnak Eibartik, Ermutik eta Berriztik ere etortzen dira. Ekainaren 20tik aurrera ez ziren etorri, garraiorik ez zutelako. Batzuk, agian, gurasoekin etorri dira, baina gurasoek ahal zutenean". Haiek berriro badute garraioa, baina Aramaioko ikasle baten kasuaren berri eman du Muruamendiarazek. Dioenez, ez diote garraio zerbitzurik jarri: "Lehenengo egunean egokitu gabeko taxia bidali zioten. Aulki gurpildunean dago, eta ama dabil joan-etorriak egiten".

Zerbitzua lehengoratzeko nahia

Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi du baduela proiektu bat zerbitzurik gabeko 33 egun horiek betetzeko, baina Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak azaldu du "kontrastatu eta aurrekontuetan sartu beharreko proiektu batean" egin dutela lan. Horren harira, Iker Muruamendiarazek dio Aldundiak ematen duen alternatibak aurrekoaren berdina izatea nahi dutela: "Ekainean Aspacerekin izan genuen bileran esan ziguten Aldundiak esan ziela ez zegoela dirurik proiektu alternatiborako eta dirua ez egonez gero langile kualifikatuak ez zirela egongo; logopedak, fisioak, lan-terapeutak, medikuak... Gure seme-alabek gehien behar dutena langile horiek dira".

Gehitu du mediku-txosten bat dutela esanez atzerapen handia izango litzatekeela terapiak kentzea hiru hilabete baino gehiagoz.

Aspace Egunean aldarrikapenak

Gipuzkoako Aspaceko Gurasoen Elkartea ere osatu dute, "indar gehiago egiteko". Bihar izango da Aspace Eguna, Donostian, eta ikasleen gurasoek elkarretaratzea egingo dute goizean, Zuloaga plazan. "Gure eskubideak eta gure umeak defendatu nahi ditugu; egoera ikusaraztea, aldarrikatzea eta entzunak izatea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak