Udal Gobernuak bi irizpide nagusi hartu ditu aintzat, ogasun zinegotzi Aitor Arantzabalek udalbatzaren aurrean azaldu zuenez; batetik, herritarren zein Udalaren egoera ekonomikoa eta, bestetik, kalitatezko zerbitzuak ematea.
Kalitatezko zerbitzua, "lehentasun"
Horrez gain, EH Bilduren bozeramaile Maite Usabiagak gaineratu zuen Udalak bere ahalmen ekonomikoa berreskuratzen joan beharra duela. "%3,5eko igoera proposatzen dugu iraganean ordenantza fiskalak KPIren igoeraren azpitik egon izan direlako eta Udala bere ahalmen ekonomikoa berreskuratzen joan behar delako pixkanaka aurrekontu orekatu batzuk egin ahal izateko. Zerbitzu publikoen kalitatea mantentzea eta ahal den heinean hobetzea da gure lehentasuna".
EAJ: "Ez dute negoziatzeko asmorik izan"
EAJk %2,5eko igoera orokorra proposatu zuen eta bederatzi neurri aurkeztu zizkion Udal Gobernuari; tartean, besteak beste, Arin Eguneko Zentroko tasa %2,5 igotzea eta igoerarik ez aplikatzea, esaterako, udal igerilekuetan, udal euskaltegian eta establezimenduak irekitzeko lizentzietan.
Jeltzaleek uste dute %2,5eko igoera orokorra nahikoa dela Udalak kalitatezko zerbitzua eman dezan. "Garbi dugu ordenantza fiskalak garrantzitsuak direla udal baten konpromisoak eta zerbitzuak betetzeko; uste dugu, baina, %2,5eko igoera orokor batekin bermatu daitekeela zerbitzuok kalitatez ematea". Jeltzaleek uste dute Udal Gobernuak ez duela adostasunera heltzeko asmorik izan, euren proposamenei hasieratik ezezkoa eman dielako. "Argi geratu zaigu ez zutela negoziatzeko asmorik izan".
EH Bildu: "EAJren proposamenekin ezingo genuke zerga politika koherente bat eraman"
EH Bilduk, berriz, ez du posible ikusten EAJren neurriekin "zerga politika koherente bat" eramatea: "Komunikaziorako kanalak zabalik egon dira. Iaz adostasuna errazago heldu zen baina aurten ez da posible izan. EAJk proposatzen dituen neurriekin guk ez dugu posible ikusten aurrekontu orekatu batzuk eta zerga politika koherente bat aurrera eroatea. Horregatik guztiagatik uste dugu gure igoera proposamena zentzuzkoa dela".
Ordenantza fiskalez gain argiteria publikoa berritzeko Mankomunitatearekin lankidetza hitzarmena aho batez onartu zen.
Udal idazkariari agurra
Azkenik, bilkuraren amaieran, Gorka Artola alkateak eta Mikel Lete zinegotzi jeltzaleak hitza hartu zuten 30 urtetik gora Udal idazkaria izan den Kontxi Ugalde agurtzeko. Ugaldek atzo izan zuen azken osoko bilkura, laster erretiroa hartuko du-eta.