Stoltz Freres organoa Organo Erromantikoaren zikloko protagonista izango da 16 urte eta gero

Julen Murua Mesonero 2025ko ira. 30a, 12:00

Bergaran, Azkoitian eta Azpeitian (Loiola) egingo dira emanaldiak. Aurrenekoa Loiolan izango da, egubakoitzean; Bergarako lehen emanaldia, berriz, urriaren 5ean izango da, San Pedro elizan.

Hogeitaseigarrenez egingo dute Organo Erromantikoaren nazioarteko zikloa Azpeitian, Azkoitian eta Bergaran, eta antolatzaileek urte kopuru horretara iristea "berezia" dela onartu badute ere, bergararrentzat "are bereziagoa" dela adierazi du Maite Usabiaga Bergarako Udaleko kultura zinegotziak. Izan ere, 16 urteko eraberritze lanen ostean, Stoltz Freres organoa izango da protagonista, beste behin, Bergarako San Pedro elizan.

Loiolako basilikako organista titular Itziar Urbietak adierazi du "oso pozik" daudela berriro ere "Bergarako organoa entzuteko aukera" izango dutelako. "Oso organo garrantzitsuak" dira haren ustetan hiru herrietan kokatzen direnak, eta ez bakarrik Euskal Herri mailan, "baita nazioartean ere. Hain zuzen ere, zikloan egongo diren musikarietako batzuk japoniarrak, suitzarrak edota argentinarrak dira, besteak beste". Urbietak, gainera, nabarmendu du "gazteei eta emakumeei" tokia egitea ere badela asmoa: "Alde batetik, gazteak oso ondo prestatuta daude eta ikasketa asko dituzte; eurak dira gure etorkizuna. Bestetik, esango nuke emakumeak arlo guztietan egon izan garela itzalpean, eta emakume musikari asko daude. Horiek plazaratzen ere saiatzen gara".

Emanaldien egutegia

Honako hau da Organo Erromantikoaren nazioarteko XXVI. zikloko kontzertuen egutegia:

  • Azpeitian (Loiolan, 19:30ean):
    • Urriak 3, egubakoitza. Juan de la Rubia organista.
    • Urriak 10, egubakoitza. Loreto Aramendi eta Sarah Perarnaud organistak, eta Jorge Pacheco perkusionista.
    • Urriak 17, egubakoitza. Matias Sagreras organista eta Lucia Gomez mezzosopranoa.
  • Azkoitian (20:00etan):
    • Urriak 4, zapatua. Benjamin Righetti organista.
    • Urriak 11, zapatua. Jose Antonio Pascual organista eta Jose Ignazio Ansorena txistularia.
    • Urriak 18, zapatua. Shin Young Lee organista.
  • Bergaran (18:30ean):
    • Urriak 5, domeka. Oscar Rodriguez organista eta Marina Cabau sopranoa.
    • Urriak 12, domeka. Alma Bettencourt organista.
    • Urriak 19, domeka. Thomas Ospital organista.
    • Urriak 26, domeka. Organo ikasleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak