Gamer txokoak, bisita gidatu bereziak, hitzartzeak, koktela, photocall-a, bideo mapping, zein dantza bertikalen ikuskizuna zituzten antolatuta, besteak beste, egun osoko ospakizun festarako. Ekitaldi guztiek izan duten harrera ona. Hamar urte hauetan museoak bidelagun izan zituen asko zeuden gerturatu zirenen artean, eta zuzendariak, Rosa Errazkinek, eskerrak eman zizkien guztiei.
Hamar urte hauetan, zientzia ez dela bakarrik laborategietan gertatzen erakusteko ahalegina egin du Laboratorium museoak, zientzia gizartean zabaltzeko, formula ezberdinak erabiliz, erakusketa bereziak, tailerrak edo museoko bisita gidatu bereziak eginda, adibidez. Izan ere, zientzia gizarteratzea izan du hasieratik museoak.
Zientzia eta Bergara, lotuta
Wolframioaren aurkikuntzarekin ireki zizkion ateak Bergarak zientziari; Euskal Herrian aurkitu den elementu kimiko bakarra. Elhuyar anaien aurkikuntza handi hark ipini zuen Bergara zientziaren mapan eta erreferente izaten jarraitzen duen berezitasuna da hori.
Gorka Artola Bergarako alkatearen esanetan, duela hamar urtera arte ametsa zena lortu du Laboratorium museoak: zientzia herritarrengana hurbiltzea. Museoa bera herritarrendako altxorra dela gaineratu du eta zientzia, herriaren nortasunaren parte bihurtu dela eta Bergarak, museo honen bidez, zientziaren aldeko konpromisoa hartu duela.
Etorkizuna, ildo beretik
Gipuzkoako Aldundiko Berrikuntza Zuzendaria den Jon Gurrutxaga ere egon zen Laboratorium museoaren 10. urteurrena ospatzen eta berretsi zuen zientziak eta berrikuntzak duten garrantzia. Bide horretan, bidelagun izango dituztela adierazi zuen, Laboratorium-eko proiektuek Aldundiaren babesa izango dutela gaineratuz.
Etorkizunari begira, Laboratorium museoa eraikin bizia dela gogora ekarri zuen Errazkinek, etengabe berrikuntzan ari dena, etengabe zientzia sustatzen ari dena bai Bergaran, Euskal Herrian eta hemengo mugetatik kanpo, eta horretan jarraituko dutela.