Mujika burdindegia izan zen enpresa omendua Ekinola jardunaldietan. Azken urtetan aldaketak egin ditu egungo beharretara egokitzeko eta bertako Iñaki Mujikak azaldu zuen, "zorionez, momentu onean" daudela orain. Urte luzez eginiko lanagatik eta eraldatzeko izan duen grinagatik jaso zuen omenaldia eta hunkituta jaso zuen aitortza.
Urtean zehar Miguel Altunako, Udaleko, Tazebaez kooperatibako eta Mariaren Lagundiako hainbat ordezkari elkartu eta gaur egungo erronka batzuk pentsatzen dituzte, gero, Ekinola ekintzailetza jardunaldietan horiek ikasleei planteatu eta ikasleek horien inguruko lanketak egin ditzaten.
Epaimahaikide moduan egon zen Ainhoa Lete zinegotziak azaldu zuen ideia interesgarriak proposatu zituztela ikasleek, askotariko gaiei buruz.
Proiektu parte-hartzaile guztien artean onenarendako, 1.000 eurotako saria zegoen. Ez zuten espero, baina azkenean kontzientziazio azoka proposatu zuen taldea izan zen irabazlea.
Eta gustura gelditu ziren baita ere Miguel Altunako ordezkariak; Joxu Arana zuzendariak azpimarratu zuen bosgarren aldia ere ondo joan dela, parte-hartzaile askorekin.
Jardunaldian, Bergaran ekiteko sare bizia den Ekinaro programa ere aurkeztu zuten.