Ikastolek ikasturte hasierako ekitaldia egin dute Bergaran, marka berriarekin

Mireia Bikuña 2025ko ira. 26a, 11:25

Bagatoz, indar berriz leloarekin hasi dute Ikastolek ikasturtea. Ikastolen egungo erronkak, eta aurtengo eta etorkizuneko lan ildoak aurkeztu dituzte aretoan batutako lagunen aurrean. Baina, bereziki, Ikastolek, aurrerantzean izango duten marka ipini dute erdigunean.

Iazko ekainean ospatutako Zazpigarren Batzarrean hartutako erabakiak martxan jartzeko ikasturtea hasi dute Ikastolek, marka berriarekin: izar itxurako ikurra. "Sarea irudikatzen du, horixe baikara: ikastola bakoitzean komunitate bat, saretuta; eta Euskal Herriko ikastola guztien artean beste komunitate bat, hura ere saretuta. Ikastolak. Hitz hasierako 1 horrekin, bat garela esan nahi dugu. Zazpiak bat. Edo 115ak bat. Historikoki erakutsi dugun ausardia ere jasotzen du i hizkiaren ordez, zenbaki bat sartzeak. Eraldatzaileak gara, geure burua eraldatzeko prest gaudelako. Amaierako k horrekin plurala egiten dugu, gure arteko aniztasuna aldarrikatuz, eta aldi berean kolektibo bat garela erakutsiz. Asko gara, ezberdinak gara. Denok gara ikastola", esan du Ikastolen presidente Nekane Artolak.

Erronkak

Irudi berria erakutsita, azpimarratu dute Ikastolak dela ikastolen mugimendua izendatzeko erabiliko duten berba, Ikastolen Elkartea ordezkatuz. Bada, Ikastolek esku artean dituzten erronkak ere aipatu dituzte. "Inklusiotik ekitatera jauzi egiteko egitasmoa; euskararen erabilera indartzekoak; digitalizazioari neurria hartzekoa; pertsona, gizakia, hezkuntzaren erdian jartzen duen eredu batera jauzi egitekoa.

Eta aipamen berezia egin nahi izan zaio ikasturte honetan DBHn eta datorren ikasturtean Lehen Hezkuntzan ezarriko den Onki programari, ikuspegi holistiko batetik landu duguna eta lantzen ari garena, zeinak pertsona bakoitza bere osotasunean hartuz, Ikastolen komunitatearen ongizatea zainduko duen, bereziki ikasleena", azaldu du Ikastolen zuzendari Agurne Barrusok.

Seminarixoan egindako ekitaldian Ikastolen arduradunek emandako datuen arabera 115 ikastolak, 46.000 familiak, 55.500 ikaslek, eta 3.700 langilek osatzen dute Ikastolen komunitatea.

Palestinari erreferentzia

Israelgo Estatua Gazan palestinarren aurka burutzen ari den genozidioaren aipamena ere egin dute ekitaldian. Eta bereziki hil dituzten haur palestinarrak izan dituzte gogoan: "Haurrak dira gizarte bateko talderik zaurgarriena eta herri batek daukan altxorrik handiena. Haurrak etorkizuna dira, bai Euskal Herrian... eta baita Palestinan ere. Haiek ere merezi dute, bizitzea, ikastea, jolastea, zoriontsuak izatea eta etorkizun bat eraikitzea. Palestinako haurrak gureak ere badira. Ikastolak bagatoz, munduko haur guztiak errespetuz eta maitasunez haziko dituen mundu bat eraikitzera!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak