Orientazio proba antolatu dute Bergaran lehenengoz, urriaren 4rako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko ira. 24a, 09:23

Orientazio proba iragartzeko agerraldia, atzo, Bergaran.

Aranzadi ikastolak, Pol-Pol Mendi Taldearen eta Hankaluze Trail taldearen laguntzaz, orientazio proba antolatu du lehenengoz urriaren 4rako. "Herri-kultura, kirola eta taldekidetasuna" sustatu nahi ditu ekimenak, euskara ardatz. Hiru modalitate izango ditu, helduendako, nerabeendako eta ume zein familiendako bana. Izena eman daiteke dagoeneko, herrikrosa.eus webgunean.

Herri-kultura, kirola eta taldekidetasuna sustatu nahi ditu ekimen berriak, euskara ardatz hartuta. Hiru modalitate izango ditu: lehena, helduentzako mendi-proba; bigarrena, nerabeentzako proba; eta, azkena, haur eta familientzako ginkana, herrian zehar.

Orientazio proben filosofia eta balioak herrira zabaldu

Aranzadi Ikastolako hainbat guraso duela urtebete hasi ziren ideia lantzen, orientazio-proben filosofia eta balioak herrira zabaltzeko asmoz. Ondotik, Pol-Pol Mendi Elkartea eta Hankaluze Trail Bergarako Mendi Lasterketa Taldea batu dira ekimenera, laguntzaile gisa. Nahiz eta orientazioa lehia-kirola izan, bere ezaugarrietako bat da proba berean nahasten dituela ibilbidea ahalik eta azkarren egin nahi duen korrikalaria edo, besterik gabe, naturaz gozatuz modu lasaiagoan paseatu nahi duena. Kirol honen izaera ludikoa dela-eta, gurasoek, seme-alabek eta aitona-amonek, denek parte har dezakete.

Zapatu goiz baterako "arnasgune ederra"

Aisialdiaz bakarrik, lagunekin edo familia osoarekin gozatzeko formula aproposa da, orientazioa guztion eskura dagoen kirola baita. Gainera, gaitasun asko garatzen dira, mapak ematen digun informazioa aztertzeko eta laburtzeko beharrezkoak direnak: logika, erabakiak hartzeko azkartasuna, kontzentratzeko gaitasuna eta norbere buruarekiko segurtasuna, adibidez. "Hortaz, orientazio-proba honek Bergarako txoko berriak ezagutu eta naturaz gozatzeko aukera emango digu; zapatu goiz baterako arnasgune ederra izango da", adierazi dute.

Euskarari bultzada 

Probarako espresuki diseinatutako mapa baten laguntzaz, parte-hartzaileek herriko puntu ezberdinetan dauden balizak topatu beharko dituzte, eta ibilbide guztia osatu helmugara iritsi aurretik. Irteera eta helmuga Bergarako Irala kalean izango dira.

Gainera, probak euskarari bultzada eman nahi dio. "Zoritxarrez kirol-munduan eta aisialdian euskararen presentzia ez da guk nahi genukeen bezain bestekoa, eta ekimen honekin erakutsi nahi dugu horrelako espazioak euskaratik eta euskaraz antolatu eta garatu daitezkeela, lehen minututik azkenera, lehen pausotik helmugara. Espazio informaletan euskararen erabilera galtzen egoteak gure hizkuntzaren etorkizuna belzten du erabat; horregatik, arnasgune hau sortu nahi dugu", diote. 

Izena eman behar da urriaren 2rako 

Izen ematea www.herrikrosa.eus webgunearen bidez egin beharko da, eta azken eguna urriaren 2a, eguena, izango da. Parte-hartzaile guztiek bakarka eman beharko dute izena, eta antolakuntzak aurrerago zehaztuko ditu taldeak. Izen-ematearekin batera, parte-hartzaileek dortsala, kantinplora eta serigrafiatutako poltsa jasoko dute. Horrez gain, asegurua eta osasun-zerbitzua ere izango ditu. "Horrez gain, azpimarratu nahi dugu norbaitek parte hartzeko interesa izan baina dortsalaren kostua ordaindu ez badu, ez dela arazorik egongo ekimenean parte hartzeko, diru-ekarpena ez baita traba izango".

Ekarpenekin antolaketa-gastuak ordainduko dira, ez besterik. Dortsalak eta material guztiak egunean bertan jasoko dira, proba hasi aurretik. Antolakuntzak parte-hartzaile guztiei jakinaraziko die zein ordu eta lekutan egon beharko duten. 

Auzolana oinarri duen ekimena 

Ekimena %100 lan boluntarioaren bidez antolatuko da: "Auzolanean jardutea herria eraikitzen jarraitzeko bideetako bat da. Boluntario-sare ederra osatzen ari gara, eta talde erabat irekia da". Hortaz, norbaitek parte hartzeko interesa badu, orientazioproba@bergara.ikastola.net helbidera mezu bat idaztea besterik ez du.

Zozketak, herriko enpresa eta komertzio sareari esker

"Bergarak enpresa, zerbitzu eta komertzio sare indartsua dauka, eta konpromisoa azaltzen du beti egitasmo herritarren aurrean. Hala, hainbat izan dira mota desberdinetako ekarpenak egitera animatu direnak (ekonomikoak edota materialak). Hemendik, eskerrak eman nahi dizkiegu, beraien ekarpenik gabe ezinezkoa izango baitzen proiektua aurrera eramatea. Oso eskertuak gaude", adierazi dute antolatzaileek.

Proba amaitu eta sariak banatu ostean, herriko komertzio zein zerbitzuek eskainitako opariak zozketatuko dituzte: fisioterapia-bonuak, bertako produktuz osatutako saskiak, arropa eta osagarriak, komertzioetan gastatzeko bonuak, afariak eta bestelakoak. Zozketarako zenbakia dortsala bera izango da. 

Amaitzeko izena emateko dei egin dute, Bergaraz harago: "Ekimena Bergaran gauzatuko bada ere, Debagoieneko herritarrak ere animatu nahi ditugu, goiz-pasa interesgarria izango baita bakarrik, lagunekin zein familian gozatzeko". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak