HEMEN DEBAGOIENA

Danbakaren sariarekin, 'Noraezean' bideoklipa

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko ira. 17a, 13:01

Bergarako Xadi Ayastuy K-PO-k irabazi zuen azken Danbaka Musika Lehiaketaren Publikoaren Saria, eta bideoklip bat egiteko bidea eman zion horrek; bada, Donostiako portuan eta itsasoan grabatutako irudiekin osatutakoa estreinatuko du, bihar, irailaren 18an.

Musikari moduan etapa berri baten dagoela dio Xadi Ayastuy K-PO Bergarako musikariak: "Iaztik hona egonkortuta sentitzen naiz. Badakit zer egin eta nora joan gura dudan. Sekula baino motibatuago nago".

Badira dagoeneko urte batzuk lehen kantuak sortzen eta abesten hasi zela, eta iazko udan eta neguan jokatutako Seigarren Danbaka Musika Lehiaketan erakutsi zuen, modu serioagoan, haren musika proiektu pertsonala. "Oso eskertuta" dago publikoak egin zion harrera beroarekin, eta Seminarixoko agertokian lagun izan zituen musikarien babes handia du; horren erakusle da Debagoieneko musika lehiaketan irabazi zuen bideokliparen Noraezean kantua Blind –Jon Igartua– eta Linzo –Mikel Montiel– abeslariekin batera sortu eta abestu duela.

Lehenengoa, 'Noraezean'

Musika urbanoaren aterpe den Bergarako Sotoalde etxean sortu zuten hiruren artean kantua. "Alde instrumentala erabaki genuen lehenengo, eta hirurak guztiz bat etorri ginen melodiaren aukeraketan, segituan harrapatu gintuen-eta flamenko eta afro-pop ukitua duen doinuak. Elkarri lagunduta idatzi genituen hitzak gero; oinarrian euskaraz da, gaztelerazko pasarte txiki batzuekin. Zureari eusteko aldarri bat da abestia; kanpotik jasotzen ditugun iritzi eta presioei kasurik ez egiteko deia. Etxean grabatu genuen lehenengo maketa, baina argi genuen Denso-ren [Hodei Vicario] Arrasateko estudioan grabatu nahi genuela, hura da-eta musika urbanoan onena. Maketa bidali genion, eta haren estudioan izan ginen gero, hiruzpalau orduz haren ideiak jasotzen, eta ikaragarria da soinuari eman zion bultzada eta kantuari atera zion etekina; oso pozik eta eskertuta gaude emaitzarekin".

Hiru kantu dituen lanaren lehenengoa da irailaren 18an argitaratuko dutena: "Bidaia bat bezala planteatu dugu. Noraezean da lehenengoa, eta, oraingoz, bideoklipa izango duen bakarra. Bi aste barru argitaratuko dugu Hotel izenekoa, eta bi aste geroago, Ez zaude hor".

Belaontzian kantuan

Uda giroko kantu bat sortu nahi zuen, "zerbait ezberdina eta polita", eta hau gaineratu du: "Kantu bat sortzen ari naizenean, zelako irudia izango duen imajinatzea gustatzen zait, eta oso argi ikusi nuen Donostian grabatu behar nuela, Kontxa inguruan; belaontzi baten grabatzea ikaragarria iruditu zitzaidan, eta hala proposatu nuen".

Uztailean grabatu zuten, Goienako lantaldeak lagunduta: "Sekulako esperientzia polita bizi izan genuen; lagun kuadrilla bat eraman genuen gurekin, figurante jarduteko. Donostiako portuan pasarte batzuk, gainean dagoen Ulia mendian beste batzuk, eta itsasoan ibili ginen kantuan. Hori zen hasieratik nuen asmoa eta gogoa, eta pozik nago hala egitea lor- tu dugulako. Lanean serio ibili baginen ere, egun-pasa ederra egin genuen".

Sare sozialetan entzungai

Bihar, eguena, irailaren 18an estreinatzeko ilusioarekin, ikus-entzunezkoari azken ukituak ematen ari da hirukotea. Goienaren hedabideetan izango da datorren astean emaitza ikusteko aukera, baita musikarien sare sozialetan ere. "Youtube eta Spotify plataformetako nire kanaletara igoko dut, eta hala egingo dute Blindek eta Linzok ere, eta datozen asteetan kantu berriak ere han izango dira".

Blind, K-PO eta Linzo musikariak, Donostian egindako grabaketan.

Hirukote formatuan aurkeztutakoa

Musika estilo urbanoari fidel, "bakarkako proiektu kolektiboa" da K-POrena ere, eta alboan ditu Blind, Linzo eta beste hainbat lagun. "Talde bat gara, elkarrekin egiten ditugu gauzak, elkarri laguntzeko gaude, bizi-ikuskera bera dugu. Gozatu egiten dugu elkarrekin taularen gainean eta baita atzeko lanetan ere, eta, horrenbestez, hala jarraitzeko gogotsu gaude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak