Irabazle berriak izango ditu Ikazkin Trailek zapatuan

Xabier Urtzelai 2025ko ira. 10a, 16:59

Etxean irabazi izan duten Ainara Urrutia eta Garazi Abasolo ez dira irteera-puntuan izango, eta gizonezkoetan ere ez dago faborito garbirik. Bihar inoiz baino lagun gehiagok jantziko dute Duranan dortsala, denak saldu dituzte eta.

Zapatuan (10:00, Durana kalean) 350 lagunek hasiko dute Ikazkin Traileko laugarren edizioa. 125 lagunek ibilbide motza egingo dute –15 kilometro, 920 metrotako desnibela–, eta 225 lagunek egingo dute luzea –23 kilometro, 1.300 metrotako desnibela–. "Aurreko urteekin alderatuta 50 dortsal gehiago jarri ditugu salgai, eta hala ere dortsal guztiak bete dira, horrenbestez, pozik gaude", dio lasterketako antolaketa taldeko kide Dorleta Ezeizak. Eta datu esanguratsua da, lehenengoz lortuko dutelako dena saltzea. Iñaki Ibarrondok aitortu du lasterketa abuztuko oporraldiaren ondoren jartzeak badituela bere arriskuak, baina dagoeneko euren lekua egin dutela egutegian. "Kanpotik ere iritsi izan zaigu eztabaida hori, alegia, abuztuan batzuek kirola egiteko aprobetxatzen duten moduan beste batzuek atseden hartzea erabakitzen dute, eta batzuendako egun egokia den moduan, beste batzuei ez datorkie ondo". Eta Ezeizak jarraitu du berbetan. "Helburua ere bada abuztuan jendea aktibo mantentzeko motiboak ematea, eta gainera, eguraldi aldetik iraila hasiera sasoi egokia da halako lasterketa bat antolatzeko. Tira, guk honen aldeko apustua egin genuen, eta halaxe izango da datorren urteetan ere". Hain zuzen, dortsalak agortzeak erakusten du bertako jendearendako erreferentziazko lasterketa bilakatu dela.

Herena, debagoiendarra

Izen-emateari errepasoa eginda, zapatuko lasterketak zenbait datu esanguratsu utzi ditu. Hasteko, parte-hartzaileen herena debagoiendarra dela, baina baita aretxabaletarren artean ere lasterketak baduela estimua, ia %30ak aretxabaletarrak izango direlako. Horrekin batera, emakumezkoen parte-hartzea %20koa izango da. "Hori da, azken baten, gure helburua, bertakoendako zerbait antolatzea. Gainera, urtean zehar ere egiten ditugu topaketak, ibilbidea ezagutzeko mendi irteerak, eta halakoetan ere jendeak beldurra kentzen du", dio Ibarrondok. 

Lasterketa irabazteko faboritoen gainean galdetuta, biharko lasterketa inoiz baino irekiago egongo da. Izan ere, emakumezkoetan lasterketa irabazi izan duten Ainara Urrutia –birritan– eta Garazi Abasolo aretxabaletarrak ez dira irteeran egongo, ezta gizonezkoetan irabazi izan duten Aitor Zunzunegi (2022), David Rua (2023) eta Gontzal Murgoitio (2024) ere. "Baliteke beste urte batzuetan baino proba herrikoiagoa izatea aurtengoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak