Abuztuko lanak espero baino geldoago joan dira Novedades zenaren inguruan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko ira. 4a, 17:49

Novedades zena eta ondoko eraikina botatzeko lanak ez dira espero bezain emankorrak izan orain arte. Eraisketa-lanekin jarraitu aurretik, energia-hornitzaileak Bidekurutzetan eta Ikerlekun dauden tentsio-kableak kendu behar ditu, eta "berehala" izango dela esan dute.

Novedades zinema-aretoa eta ondoko eraikina botatzeko lanak ez dira aurreikusi bezain eraginkorrak izan abuztuan. Hilaren 4ko astean hasi ziren Novedades zena eraisten, eta aste hartan bertan amaitu zituzten zinema-aretoa zena botatzeko lanak. Hala, azken asteotan, zinema zena eta goiko etxeak botatzeko lanek eragindako hondakinak sailkatzeko lanetan aritu dira, besteak beste. Eguazten goizean, esaterako, hondakinak sailkatzen aritu zen hondeamakina.

Tentsio-kableak kendu beharra

Hala ere, Bidekurutzeta aldera ematen duen eraikina zutik dago oraindik, eta horren arrazoia da, GOIENAk jakin ahal izan duenez, eraikin handiena eraitsi aurretik energia-hornitzaileen esku-hartze bat ezin- bestekoa izango dela, Bidekurutzeta kaleko eta Ikerleku zeharbideko fatxadetan dauden tentsio-kableak erretiratu egin behar dituztelako.

Energia-hornitzaileak "berehala" kenduko ditu kable horiek, eta ondoren hasi ahalko dira eraikin handiena botatzeko lanekin; azken lan horiek "laster" amaitzea espero dute. Bestalde, Elkarlan estudioko arduradunen arabera, gezurra da ondoko eraikina mugitu egin dela eta lanak horregatik eten direla kalean zabaldu den zurrumurrua.

Irailaren 8ko epemuga

Egoera arriskutsuan zeuden eraikin horiek laster iragana izango dira. Hori bai, eraiste-lanek irailaren 8rako amaituta behar dutela jasotzen zuen ekainaren 30eko osoko bilkuran Udalaren eta Mojasoro SL enpresaren artean onartu zen hitzarmenak; irailaren 8an hasiko du ikasturtea Aranzadi ikastolak, eta patioaren zati bat itxita dago gaur egun, besteak beste, makinen joan-etorria ahalbidetzeko.

Aurrera begira, hitzarmenak jasotzen duenez, Mojasoro SL enpresa sustatzaileak 2026ko urtarrilaren 8a baino lehen eskatuko dio Udalari eraikin berria egiteko lizentzia, eta Udalak 2026ko otsailaren 6rako eman beharko du lizentzia hori. Eremu horretan etxebizitzak eraikitzeko asmoa du Mojasoro SL enpresak, eta 2028ra arteko tartea izango du horretarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak