ALBISTEAK

Irailaren 12tik 16ra bitartean ospatuko dituzte San Martin jaiak Bergaran

Aitor Agiriano Arrese 2025ko ira. 4a, 12:30

Irailaren 12tik 16ra egitarau zabala egongo da sanmartinez gozatzeko. Helduen danborradan 34 talde eta ia 900 partaide izango dira, eta aurtengo nobedadea da San Martinen heriotzaren errepresentaziorik ez dela egingo, "jende faltagatik".

Jaiak iragartzeko agerraldia egin dute gaur goizean Bergarako udaletxeko pleno aretoan. Eskerrak emanez hasi du hitz-hartzea Kultura zinegotzi Maite Usabiagak: "Bergaran elkarlanean lan egitea gustatzen zaigu, eta sanmartinak horren adibide dira. Udalaren izenean, eskerrak eman nahi dizkizuet jaiak aurrera ateratzen laguntzen diguzuen elkarteei, eragileei eta norbanakoei, zuek barik San Martin jaiak ez liratekeelako ezer izango".

Egitaraura etorrita, irailaren 13an Oxirondo plazan egingo da feria, 09:30ean hasita. 28 postu egongo dira, azken urteetako antzeko kopurua. Postu horietan askotariko produktuak izateaz gain, ohiko barazki, fruta eta gazta lehiaketa ez da faltako –sari banaketa, 13:30ean–. Oxirondoko plazako postuekin batera, tailerrak ere izango dira, Katabian: batetik, umeei zuzendutako garaian garaiko fruta eta barazkiak ezagutzeko tailerra antolatu du Jardun euskara elkarteak, 11:00etan; bigarrenik, Ekoudalatx mintegi ekologikoaren eskutik sendabelarrekin eta olio begetalekin egindako eztularen aurkako baltsamoa egiteko tailerra egongo da, 12:00etan. Eta, hirugarrenik, kandela tailerra eta erlauntzetik zuzenean eztia dastatzeko aukera eskainiko du Erlantz Olabarria erlezainak, 12:30ean. Gainera, Bergarako odolosteak dastatzeko aukera egongo, da Imaz eta Leturia harategiei esker.

Feria eguna girotzeko, urtero legez, herriko trikitilarien kalejira egongo da, musika eskolatik irtenda (11:00). Era berean, badira urteurren borobilak biziko dituzten bi ekitaldi: batetik, Moises Azpiazuren omenezko bikote nagusien txapelketak 40. edizioa bizi izango du; irailaren 13an izango da, San Martin plazan (19:30) –euria bada, Seminarixoan–. Bestalde, Beart elkartearen Simon Arrieta pintura lehiaketaren 50. edizioa izango da aurtengoa; irailaren 14an izango da, 08:30ean hasita.


900 partaide, eta japoniarrik ez

Egitarauko ekitaldietatik herrikoiena den ekitaldia izan ohi da helduen danborrada; irailaren 15ean izango da, 22:30ean. Aurtengo danborrada ere indartsu dator, 34 talderekin eta ia 900 partaiderekin. "Danbor-joleak, barrika-joleak, sukaldariak eta bandako kideak kontuan hartuta 900 bat lagun batuko dira. Aurten ere kopuruak gora egin du, eta horrek erakusten du danborrada loraldi betean dagoela. Gure danborrada bizia, anitza
eta belaunaldi berriak barneratu dituen herri ekimen ederra da. Harrotasunez esan dezakegu danborrada herrikoi bat daukagula, gizartea aldatzen den heinean hark ere egokitzen jakin duena", esan zuen Usabiagak.

Hori bai, badago nobedade aipagarri bat helduen danborradan: presentzia japoniarrik ez da egongo aurten, eta, beraz, amaieran plazan egiten zen San Martinen heriotzaren errepresentaziorik ez da egongo. Ez egitearen motiboa da ez dutela jende nahikorik lortu; Valen Moñux aritu izan da azken urte luzeetan danborradari amaiera ematen zion errepresentazio hori zuzentzen: "Azken urteetan behera egin du jende kopuruak eta aurten ez dugu gutxieneko kopurua lortu modu duineanegiteko. Beste era batera hartuko dut parte danborradan, Umore Ona elkartekoekin desfilatuko dut". Moñuxen arabera, sanmartinetako danborrada sortu zuen elkartea izan zen Umore Ona, 1957an. Usabiagak esker ona adierazi zien: "Ulertzen dugu erabakia, eta eskerrik asko orain artean egindako lanagatik".

Gozatzeko eskubidea denontzat

Denok gozatzeko moduko jaiak izateko dei egin zuten atzo, eta eraso matxisten aurkako arreta-puntua Irizarren egongo dela gogorarazi; irailaren 15ean, 22:00etatik 06:00etara. Salaketetarako telefonoa: 747 44 84 56.

Hemen egitaraua osorik: 

Irailak 11, eguena 

  • 16:00. Txosnagunearen muntaia. 

Irailak 12, egubakoitza 

  • 19:00. Kale antzerkia, Trapuzaharra Teatroaren eskutik, San Martin plazan: Azkena eta bagoaz. 

Txosnagunean:

  • 19:00. Txosnagunearen irekiera. 
  • 19:30. Pintxo-potea, Elikaenearen eskutik.
  • 20:00. Aizkora Records.
  • 22:30. Kontzertuak: Lemak, Indabe, DJ Hirukiak eta Niko&Tina. Ondoren, soka salto erraldoia. 

Irailak 13, zapatua: San Martin feria

  • 09:30. Feria irekiera, Oxirondo plazan. 
    • Barazki, fruta eta gazta azoka, eta lehiaketa.
    • Bestelako produktuen azoka eta talo postua. 
  • 11:00. Bergarako trikitilariekin kalejira, Musika Eskolatik hasita. 
  • 11:00. Jardun euskara elkartearen eskutik, haurrei zuzendutako tailerra, Katabian: Garaian garaiko fruta eta barazkiak ezagutzeko dinamika.
  • 11:30. Bergarako odolosteen dastaketa, Imaz eta Leturia harakinei esker. 
  • 12:00. Ekoudalatxe Mintegi ekologikoaren eskutik, tailerra, Katabian: Sendabelarrekin eta olio begetalekin egindako eztularen aurkako baltsamoa
  • 12:30. Erlantz Olabarriaren eskutik, tailerra, Katabian: Kandela tailerra eta erlauntzatik zuzeneko ezti dastaketa
  • 13:30. Barazki, fruta eta gazta lehiaketako sari banaketa. 
  • 19:30. Bikote Nagusien 40. Dantza Txapelketa, San Martin plazan. Euria eginez gero, Seminarixoan. 
  • 22:00. Suzko zezena, San Martin plazan, Bidekurutzetan eta Komenio kalean zehar. 

Txosnagunean: 

  • 12:00. Kuadrillen olinpiadak. 
  • 15:00. Herri bazkaria. 
  • 17:00. Final handia. 
  • 19:00. Karropoteoa. 
  • 22:00. Kontzertuak: Enbata Lorade, Maska eta Olgeta erromeria. Amaitzean, marrazki lehiaketa. 
  • 03:00. DJ Xauxau. 

Irailak 14, domeka

  • 08:30. Aire libreko 50. Simon Arrieta pintura lehiaketa, Beart elkarteak antolatuta. Parte-hartzaileen 11:00ak arte egingo zaie harrera Santa Marinako elizpean. 
  • 13:00. Musika eskolako fanfarrea. 
  • 15:00. Aire libreko 50. Simon Arrieta pintura lehiaketaren sari banaketa, udaletxean. 
  • 18:15. Bergarako erraldoien konpartsaren kalejira, Bergarako txistulari bandak eta Elgoibarko eta Arrasateko dultzaineroek lagunduta. Ibilbidea: San Martin plaza, Bidekurutzeta kalea, San Pedro, Artekale, Arruriaga, Masterreka, Bideberri, Fraiskozuri, Irizar, Irala eta San Martin Agirre plaza. 

Irailak 15, astelehena: San Martin Agirre bezpera

  • 22:30. Nagusien danborradaren irteera, udal biltegitik: Masterreka, Bideberri, Ibargarai, Ramon Maria Lili, Bidekurutzeta eta San Martin plaza.
  • 00:15. Laket taldearekin erromeria, San Martin plazan. 

Txosnagunea: 

  • 19:00. Chill-out tropikala: DJ Limbo, koktelak eta ahate jokoa. 
  • 00:30. Balukoi txapelketa. 
  • 02:00. Nas Martinen berpizkundea. 
  • 02:30. DJ Xauxau 2.0. 

Irailak 16, martitzena.

  • 09:00. Sokamuturra, Barrenkalen eta San Martin plazan. 
  • 11:00. Diana, Bergarako Txistulari Bandarekin. 
  • 11:30. Kalejira, Musika Bandarekin: San Martin Plaza, Bidekurutzeta, San Pedro, Mizpirualde, Komenio, San Martin Plaza. 
  • 12:00. Errekortadore eskola ibiltaria, Seminarioko patioan. 
  • 12:00. Bergarako Musika Bandaren kontzertua, San Martin plazan. Euria eginez gero, udal pilotalekuan. 
    • Umore Ona - Miguel Glz. Bastida
    • San Martin estanpak - Miguel Glz. Bastida
    • Nagasaki 1597 - Miguel Glz. Bastida
    • Oregon - Jacob de Haan
    • Soca - Victoriano Valencia 
  • 18:30. Haurren danborrada, udal biltegitik abiatuta: Masterreka, Bideberri, Ibargarai, Ramon Maria Lili, Bidekurutzeta, San Martin plaza. Ondoren, txokolatea parte-hartzaile guztiendako. 
  • 20:00. Tapia eta Leturia Band taldearen kontzertua, San Martin plazan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak