Adostasuna nagusi oporren aurreko azken bilkuran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko uzt. 22a, 16:03

Udaleko langileen baldintzak gaur egungo errealitatera egokitu eta zaintzari begirako lan banaketa "bidezkoago" bat egiteko lizentziak eguneratzearen alde egin dute EH Bilduk eta EAJk; atzoko bilkuran bozkatu ziren puntu guztiak aho batez onartu ziren. 

Adostasuna izan zen protagonista atzoko osoko bilkuran, bozkatu ziren puntu guztiak aho batez onartu zituen eta udalbatzak. Onartu ziren puntuen artetik nabarmentzekoen artean dago EH Bilduren Udal Gobernuarentzat agintaldiko erronka nagusietako bat den zaintza arloan aurrerapausoak emateko erabaki bat. Hain zuzen ere, Udalean indarrean dauden lizentziak eguneratzea onartu zuten, helburu zehatz batekin. "Agintaldi honen hasieratik esan izan dugu guretzat garrantzitsua dela zaintza bera eta zaintzaz arduratzen den kolektiboa erdigunean jartzea eta bide horretatik doazen neurriak dira. Gaur egungo langileen errealitateari egokitu dira zenbait lizentzia, bereziki genero berdintasuna ardatz hartuta. Labur esateko, zaintza lanen banaketa bidezkoago bati begira hartutako erabakiak dira", adierazi du Bergarako Udaleko EH Bilduko bozeramaile Maite Usabiagak.

Hobekuntzak lan baldintzetan

Alderdi sozialistako zinegotzi Alberto Alonso ez zen bilkuran egon eta EAJk bat egin zuen Udal Gobernuaren proposamenarekin, zaintza arloko langileen baldintzen hobekuntza suposatuko duela ulertuta. "Langileen lan baldintzak hobetzeko erabakiak beti dira onak, are gehiago langileekin adostutakoa bada hobekuntza hori. Proposamenak langileen batzorde osoaren oniritzia dauka eta horregatik babestu dugu guk ere; besteak beste, zaintza arloko langileei lizentziak handitzeko aukera eskaini du eta gu horren alde beti egongo gara", esan du Bergarako Udaleko EAJko zinegotzi Maite Agirrek. Gainera, Udaleko langileen aurre-erretirorako baldintza berriak ere onartu ziren atzoko bilkuran, ordainsarietan %0,5eko igoera ere onartzearekin batera.

Ekarpen berri bat museoari

Bestalde, Idoia Azkarate Biain herritarrak Laboratorium museoari egindako dohaintza bat publikoki eskertu zuen Gorka Artola alkateak: "Udalaren izenean esker ona adierazi nahi diogu Azkarate Biain familiari museoari egindako ekarpenagatik". Azkaratek jarduera didaktikoetarako "oso baliagarria" izan daitekeen baserri baten maketa eman du eta museoko lantaldeak, materiala aztertu ondoren, uste du bereziki interesgarria dela baserrien antolaketa nolakoa zen erakusteko. Abuztuko etenaren ostean iraileko azken astelehenean egingo dute hurrengo bilkura

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak