Bergara, EAEko lehen herria igerilekurako 'Nagi Tag' deritzon "sistema berritzailea" ezartzen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko uzt. 17a, 15:02

Bergarako Udaleko Kirol Sailak Nagi Tag "sistema berritzailea" ezarri du Agorrosingo udal igerilekuan, igerilarien segurtasuna eta esperientzia hobetzeko helburuarekin. Sistema honek teknologia aurreratua baliatzen du erabiltzaileak soroslearekin  denbora errealean konektatzeko eta, aldi berean, igeriketa jardueraren inguruko datu zehatzak eskaintzen ditu. 

Sistema hau ezartzeak  igerilekuaren segurtasuna nabarmen handitzen du, eta  premia bereziak dituzten pertsonentzat ere egokituta  dago, igeriketa inklusiboago baten aldeko urrats gisa.

Nagi sistemaren ezarpena 2023an Europako diru laguntzen baitan egindako deialdi bati  esker gauzatu da. Bergarako Udalak  igeritokien digitalizazio proiektua aurkeztu zuen, eta  48.771 euroko diru laguntza eskuratu zuen. Euskal Autonomia Erkidegoan Bergara izan da teknologia hau ezartzeko diru laguntza lortu duen udal bakarra. Proiektua  Valentziako Zonyx enpresak  garatu du, eta enpresa bera arduratu da Nagi Tag teknologiaren instalazioaz eta hurrengo bi urteetako mantenu-lanez.

Gaztetxo bat Nagi Tag sistema jarrita duela, atzo, Agorrosinen. 

Bergarako alkate Gorka Artolak segurtasunaren kontzeptua azpimarratu du: "Bergarako Udalean argi daukagu gure kirol instalazioak seguruak, irisgarriak eta berritzaileak izan behar direla. Nagi Tag sistemaren ezarpenarekin, segurtasuna hobetzeaz gain, igerilekua pertsona guztientzat atseginago eta eskuragarriago bihurtzen dugu. Teknologia bergararron zerbitzura jartzea da gure helburua, eta hau horren adibide argia da”.

Sistema honek igerilarien jarduera monitorizatzeko aukera ematen du, eta  arazoak berehala detektatzeko gaitasuna  du. Horrek sorosleen lana errazten du eta erantzun denborak murrizten ditu, bizitza salbatzeko aukerak handituz. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak