Novedades zena eta ondoko eraikina botako dute udan, etorkizunean etxe berriak egiteko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko uzt. 1a, 15:09

Lankidetza hitzarmena onartu zuen Bergarako udalbatzak atzoko osoko bilkuran, Novedades zinema aretoa zenari eta ondoko eraikinari begira. Uztailaren 11rako emango du Udalak eraikinak botatzeko lizentzia eta lanok amaituta egon beharko lirateke irailaren 8rako, Aranzadi ikastolako ikasturte berriaren hasierarako. 

Hain zuzen, Ikerleku kaleko 2. eta 4. zenbakiko eta Bidekurutzeta kaleko 14. zenbakiko eraikina bota, inguru hori berriro urbanizatu eta etorkizunean etxebizitza berriak eraikitzeko hitzarmena onartu zen.

Hitzarmena Bergarako Udalaren, eraikin jabeen eta sustatzailearen artean adostu zuten, betiere argi utzita ez dela hirigintza hitzarmen bat baizik eta "konplikatua" den esku-hartze hori nola egin zehazteko lankidetza hitzarmen bat. "Urteetan korapilatuta egon den gai bat izan da hau eta orain lortu da bideratzea. Esfortzu handia eskatu du adostasun honetara heldu ahal izateko prozesuak; alde zaharreko esku-hartze guztiak bezala obra oso konplexua izango da kokapenagatik, besteak beste", adierazi du Bergarako Udaleko EH Bilduko bozeramaile Maite Usabiagak. 

Eraiste lanak udan zehar

Usabiagaren arabera, urte luzez korapilatuta egon den gaia askatzeko aukera suertatu zen udaberrian eta eraisketa lanak, ahalik eta eragozpen txikiena eragiteko, udako oporraldian egitea hobetsi zenez prozesua azkartu egin da azken asteetan. 

Hitzarmenaren arabera uztailaren 11 baino lehen emango du Udalak eraikinak botatzeko lizentzia eta eraiste-lanok amaituta egon beharko dira irailaren 8rako.  Ondoren, Mojasoro S.L. enpresa sustatzaileak 2026ko urtarrilaren 8a baino lehen eskatuko dio Udalari eraikin berria egiteko lizentzia eta Udalak beranduenez 2026ko otsailaren 6rako eman beharko du lizentzia hori. 

EAJ hitzarmenaren kontra, "informazio faltagatik"

EAJk betidanik babestu izan du eraikin hori botatzea, are gehiago, egoera arriskutsuan dagoela jakinda. Hala ere, lankidetza hitzarmenaren kontra bozkatu zuten jeltzaleek, diotenez, EH Bilduren Udal Gobernuak ez dielako informaziorik eman. "Ziur gaude Udal Gobernuak baduela oinarrizko proiektuaren berri; eskatu diegu, baina ez digute informazioa eman nahi izan. Gainera hitzarmenak ez du jasotzen hiru aktoreetako batek agindutakoa beteko ez balu zer gertatuko zen", esan du Bergarako Udaleko EAJko bozeramaile Mikel Letek. 

Aranzadi ikastolako ordezkaritza bilkuran

Seminarioko patioaren erabiltzaile nagusietako bat direla-eta, Aranzadi ikastolako ordezkaritza bat egon zen atzoko bilkuran. Lanok uda honetan egingo zirela jakin zenetik, elkarrizketa mahai bat ireki zen Aranzadi eta Udalaren artean; hasieratik bien kezka edo lehentasun nagusia izan da segurtasuna bermatzearena. Ikastolatik adierazi dutenez, Udalak ohiko obra baten eskatzen direnak baino neurri zorrotzagoak eskatu ditu eta pozik daude horregatik. 

Atzoko osoko bilkuran Iker Badiolak hartu zuen hitza, eta Udalari eskertu zioten eraiste lanak udako oporraldian egitea lortu izana. Hain zuzen, osoko bilkurara agertu ziren etorkizuneko patioa zer izango den galdetzeko, eta etorriko den lanketan laguntzeko duten prestutasun osoa adierazteko: "Herriarentzat zabalik dagoen gunea da patioa. Gu hezkuntza eragile bat gara eta eskua luzatzen dugu gure lana eta esfortzua etorkizuneko patioa izango denaren lanketan parte hartzeko. Ez dakigu badagoen proiekturik epe ertainera begira...".  

Behin eraisketa lanak amaituta, "parte hartze prozesu bat" abiatuko du Udal Gobernuak bergararrentzat estrategikoa den patio hori nolakoa izango den adosteko. 

Zabala etxeko fatxada berreskuratzeko gertu

Bestalde, hitzarmenean argi jasotzen da ondare aldetik balio handia duen Zabala etxeko fatxada eraikin berrian kokatuko dela. EH Bildurentzat zein EAJrentzat albiste ona da fatxada hori berreskuratzea. Hala dio Usabiagak: "Zabala etxeko fatxadako harriak eta piezak hainbat urtez egon dira Bergaratik kanpo; sustatzaile honekin aukera ikusi genuen fatxada hori berreskuratzeko, eta hori ere lortu da".

EAJko Letek honako hau esan zuen, besteak beste: "Urte luzez, gobernuan egon edo oposizioan, saiatu gara gutxienez partida bat jasotzen aurrekontuetan fatxada hori berreskuratu dadin; eraikin berri honetan joango da azkenean". 

Harrotasunaren eguneko adierazpena

Atzoko bilkuran onartu ziren beste gai batzuen artean, aho batez onartu zuen udalbatzak sexu askapenaren eta harrotasunaren nazioarteko egunaren bueltako adierazpen instituzionala

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak