Harrotasunaren Egunerako adierazpen instituzionala, pertsona guztiak "askatasunez" bizitzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko eka. 27a, 13:07

Harrotasunaren bandera, Bergarako udaletxean.

Bergarako Udalak adierazpen instituzionala argitaratu du ekainaren 28ko Harrotasun Egunaren harira: "Bergarako Udaletik, bizitza bizigarriekin, dugun konpromisoa berresten dugu, eta herritar guztiak ausardiaz jokatzera, gorroto- diskurtsoen aurrean isilik ez egotera eta edozein indarkeria, diskriminazio edo eskubide-urraketa salatzera animatzen ditugu. Etorkizunean pertsona guztiok duintasunez, errespetuz eta askatasunez bizi gaitezen". 

Jarraian, adierazpen instituzionala osorik: 

"Ekainaren 28an, LGTBIQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Egunean, aniztasunetik eskubide eta bizikidetzarekin dugun konpromisoa berresten dugu, kolektiboaren eskubide eta askatasunen aitortzan lortutako aurrerapenak ospatuz.

Euskal jendartean azken urteotan sexu- eta genero-aniztasunaren onarpena handitu bada hainbat pertsona, elkarte, erakunde, kolektibo eta erakunderen etengabeko lan konprometituari esker lortu da.

Azken urteotan, LGTBIQ+ pertsonen aurkako erasoei buruzko salaketek gora egin dutela ikus daiteke, eta zenbait diskurtso baztertzailek estigmatizazioa areagotu dute. Horrek askotan zaildu egiten du pertsona askok beren identitatea segurtasunez eta askatasunez bizitzea egunerokoan. Oraindik bada zer egin pertsona guztien eskubideak benetan errespetatu eta bermatu daitezen.

Horregatik adierazi nahi dugu, ekainaren 28a ez dela oroitzapenezko data bat bakarrik, ekintzarako premiazko deia egitea dagokigu eta LGTBIQ+ eskubideen aldeko borroka herritar guztien erantzukizuna dela gogorarazi nahi dugu. Bergarako Udaletik, bizitza bizigarriekin, dugun konpromisoa berresten dugu, eta herritar guztiak ausardiaz jokatzera, gorroto- diskurtsoen aurrean isilik ez egotera eta edozein indarkeria, diskriminazio edo eskubide-urraketa salatzera animatzen ditugu. Etorkizunean pertsona guztiok duintasunez, errespetuz eta askatasunez bizi gaitezen.

Horregatik guztiagatik, dei egiten dugu Ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko, eta amaitzeko LGTBIQ+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko lan eta borrokan ari diren kide eta kolektibo guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen duzuelako. Gure bizitzen balio dutelako, gora ekainaren 28a!". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak