Berumuga musika zikloak 25 urte beteko ditu aurten. Antolatzaileen arabera, Berumugak 25 urtez egin du "musika independentearen eta ausartaren aldeko apustua", ohiko ibilbide komertzialetik kanpo dauden doinuak Bergarara ekarriz. Aurtengo edizio bereziak, gainera, aurrekontu handiagoa izango du Udalaren babesari esker; 15.000 eurotik 20.000 eurora igo da jaialdirako aurrekontua. Uztaileko lau egubakoitzetan goi mailako zuzenekoak izango dira Espoloian, 22:00etan hasita.
Berumugarako aurrekontua 15.000 eurotik 20.000 eurora igo du Udalak aurten
Ohikotik aldentzeko joera
Udaleko Kultura zinegotzi Maite Usabiagak eguazten goizean egindako agerraldian gogoratu zuenez, Berumuga herrian errotu den kultura ekimena da: "25 urte hauetan herriko zein kanpoko sortzaile eta ikusle asko elkartu ditu. Urtez urte hazi eta garatu den jaialdia da, baina beti haren esentziari leial eutsi diona: nazioarteko zein etxeko musikaren isla izatea, egunerokotasunean horren presente ez dauden musika estiloei lekua eginda".
Gaztelupeko Hotsak-eko Ubane Uzinek Berumugak eskaintzen duen kontzertuen ezberdintasunean jarri du arreta: "Urtean zehar edo udan ikusteko errazak ez diren taldeak bilatzen ditugu Espoloira ekartzeko; betiere, zerbait ezberdina eskaintzeko asmoz. Bluesa eta jazza bai, baina ez bakarrik. Beti saiatzen gara kolore ezberdinak ekartzen, Espoloiak eskaintzen duen bestelako esperientzia bat bizitzea ahalbidetzeko. Eguraldiak lagundu ohi du eta sekulako giroa egoten da; herriko erdigunean dago, baina apur bat aldenduta, aldi berean".
Honako talde hauek joko dute Berumugaren 25. edizioan, Espoloian (22:00): uztailaren 4an, Amparo Sanchez; uztailaren 11n, Los Wavy Gravys; uztailaren 18an, Itziar Yague –taldearekin etorriko da–; eta, uztailaren 25ean, Al Dual.
Amparo Sanchezek irekiko du zikloa
Amparanoia taldearekin ezagun egin zen Amparo Sanchezek irekiko du Berumuga, uztailaren 4an (22:00). "Gitarra-jole flamenko batekin etorriko da. Feminismoa du oinarri Sanchezen proiektu berriak, ohikoa duen aldarrikapenerako grinarekin. Berumugak aukera emango digu goi mailako artista hau gertutik eta modu intimoan gozatzeko", adierazi du Uzinek.